Rolls Roycek, Zamudioko ITP Aero enpresaren jabeak, akordioa lortu du AEBetako Bain Capital funtsarekin, zeinak bazkide dituen Espainiako JB Capital Market funtsa –Botin familiarena– eta Andoaingo SAPA armagintza enpresa –Aperribai familiarena–. 1.700 milioi eurotan salduko du ITP Rolls Roycek, aurrerantzean enpresa horren bezero nagusia izango denak.
Bain Capitalek bi bazkide (JB eta Sapa) lotu ditu oraingoz –ez dute zehaztu enpresa horietako bakoitzaren parte hartzea zenbatekoa den–, baina litekeena da aurrerago enpresa gehiago sartzea, eta Eusko Jarularitzak ere akzioen zati bat erostea, Berriako kazetari Iker Aranburuk azaldu bezala. Gutxienez akzioen %70 gordeko ditu Bain Capitalek.
Bain Capital-en bi bazkideen esku hartzeak erraztu egin du operazioa, SAPA enpresak "defentsa arloan" diharduelako –EITBk nabarmendu bezala–, ITP bezala –hegazkin militarren sektorean–. Sektore estrategikoa da hura Espainiako Gobernuarentzat, eta ITP saltzeko operazioak Madrilen oniritzia behar duen neurrian, SAPAren presentziak gauzak erraztu ditu.
Enpresak Zamudion jarraituko du
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Ekonomiaren Garapenerako sailburuak adierazi du "garrantzitsuena" dela funtsa ez den %30 horrek "erabakitzeko ahalmena" izatea da bost urte barru konpainia Burtsara atera edo AEBko funtsak alde egitea erabakiko balu. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Tapiak esan du Jaurlaritza bere balizko parte hartzearen "azterketa zehatz eta sakona" egiten ari dela.
Hain justu, Jaurlaritzak pasa den hastean agertutako zalantzen aurrean, ITP Aerok Zamaudion jarraituko duela adierazi dute enpresaren jabeek, eta enpresa-proiektuari eta enpleguari eutsiko zaiola –ITPk 1.500 langile ditu Euskal Herrian–. Halaber, Carlos Alzolak jarraituko du zuzendari karguan.
Lan gatazkak
Iazko irailean 121 langile kaleratu zituzten Zamudioko egoitzatik; eta pasa den maiatzean, ITP Aero Castings enpresak Barakaldo eta Sestaon egindako beste 87 kaleratzeak baliogabe jo zituen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta agindu langileak berriz hartzeko.