argia.eus
INPRIMATU
ITP Aerok 600 langile inguru kaleratuko ditu
  • Konpainiak Bizkaiko lau udalerritan ditu lantegiak: Zamudion, Barakaldon, Sestaon eta Derion.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 24a

ITP Aero enpresak jakinarazi duenez, 600 langile inguru kaleratzeko erabakia hartu du, eta Euskal Herriko hainbat lantegi neurri horren baitan aurkitzen dira.

COVID-19aren pandemiaren harira eztanda egin duen krisiak berregituraketa produktiboa ezarri du enpresaren herrialde guztietan, hala nola, Espainiako Estatuan, Erresuma Batuan, Mexikon, Indian eta Italian. Moldaketa asimetrikoak egingo dituzte herrialdez-herrialde, “lantegi bakoitzaren egoeraren arabera”, lan-karga eta negozioa aztertu ondoren.

2019ko abenduan 4.000 langilek osatzen zuten plantilla osoa, eta horien erdia Euskal Herrian kokatzen zen, Zamudion, Barakaldon, Sestaon eta Derion.

Erabakia dagoeneko jakinarazi zaie enpresa-batzordeei, eta aldi baterako lan erregulazio txostenaren epea agortu ondoren, langileen ordezkaritzekin kaleratzeen terminoak azaltzeko bilerak egitea espero dute.

ITP Aero agentziak jakinarazi duenez, COVID-19aren pandemia "aurrekaririk gabeko eragina" izaten ari da abiazio merkataritzan, eta aeronautika industria globalaren zati den heineaan, ITP Aero enpresak "lan kargaren beherakada handia" izan du parte hartzen duen programa nagusietan.

Ondorioz, “egiturazko aldaketak” egin behar dituela adierazi du, eta “tamaina txikiagoko merkatu berriaren baldintzetara egokitzeko” proposatu omen ditu kaleratzeak. 2018an 68 milioi euroko mozkinak izan zituen Rolls-Roycen filiala den enpresak.