argia.eus
INPRIMATU
ITP Aero PCBko langileek lortu dute enpresak kaleratu nahi zituen 83 kideak beren lanpostuetara itzultzea
  • 430 greba egun eta gero, ITP Aero PCBko langileek garaipena lortu dute. Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du EAEko Auzitegi Nagusiak emaniko ebazpena, eta baliogabetzat jo du enpresak egin asmo zuen lan erregulazioa. Ondorioz, enpresak kaleratu nahi zituen 83 langileak beren lanpostuetara itzuliko dira.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 23a

Asteazkenean eman du bere epaia ezagutzera Espainiako Auzitegi Gorenak, ITP Aero PCBko langileek 430 egunez luzatutako grebari amaiera emanez. Izan ere, epaiak berretsi egin du EAEko Auzitegi Nagusiak maiatzean emandako ebazpena: enpresak egin nahi zuen lan erregulazioa baliogabea dela. Hala bada, kaleratuak izateko arriskuan zeuden 83 langileak enpresaren Sestaoko eta Barakaldoko fabriketan dituzten lanpostuetara itzuliko dira.

Langileak etxean egon dira enpresak EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean ebazpena jarri zuenetik, ez baitzitzaien lantokira sarbidea onartzen. Legezko neurria zen, epaia irmoa izan artean. Tarte horretan soldata osoa jaso dute. Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaiaren ostean, ordea, berriz itzuliko dira beren lanpostuetara, auzitegiak enpresa behartu baitu langileak plantillan berrartzera.

2020an abiatu zen gatazka. Turbina enpresak lan-erregulazio espediente bat jarri zuen martxan, 136 langile finko kaleratzeko asmoz. Horren berri izatean borroka abiatu zuten langileek. Negoziaketek iraun artean ez akordiotik erdietsi, baina kaleratu nahi zituen langileen kopurua 83ra murriztu zuen enpresak. Atzetik etorri zen auzibidea, langile batzordeko sindikatuek EAEko Auzitegi Nagusian helegitea jarri baitzuten, lan erregulazioa egiteko arrazoirik ez zegoela argudiatuz. Auzitegiak arrazoia eman zion langile batzordeari, baina enpresak Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jarri zuen. Pasa den astean berrikusi zuten auzia, eta asteazken honetan eman dute jakitera epaia.