Uztailaren lehenean hil zen Ilyas gaztea Tierras de Oria adingabeen zentroan, Almerian. Funtzionarioek diotenez, jarrera oldarkorrak zirela eta immobilizatu zuten. Autopsiaren arabera, indar handiena zuen hipotesia nagusitu da, itota hil zela baieztatu baitu.
El País egunkari espainiarrak aurreratu duenez, Ilyas gaztearen autopsiak itota hil zela baieztatu du. Proba toxikologikoek baieztatu dute “asfixiaz” hil zela 18 urteko gaztea, hainbat organotan odol-kolpe eta odoljario arinak baitzituen, eta “agonia-arnasketa” biriketan.
Ilyas “egoera biolento eta oldarkor” batean sei zaindarik bera immobilizatu ostean hil zen. Uztailaren 1ean, eguerdi aldean, zentroko arduradun batekin liskarra izan zuen bideojoko baten harira, eta gaztearen oldarraldia dela eta, hura geratzera jo zuten sei langilek. Kasua ikertzen ari diren epaileek jazotako guztiaren bideoa dute, eta hala izan zela azaldu dute: “Buruz behera ikusten da, burua koltxoi eta burukoaren gainean jarrita, eta presioa ezartzen diote belaunaz ezker omoplatoan eta eskuaz bizkarrean. Bridak lotzeko hanketan esertzen dira eta bizkarrean presioa ezartzen diote. Handik hamar minutura, hanka eta eskuetatik eutsita dagoenean, mugitzeari uzten dio, baina segurtasun-gerrikoa jartzeari ekin zioten, nahiz eta erresistentziarik ez egin. Hamabost minutura, mugitzen ez zela konturatzean, medikuari deitu zioten”.
Arreta Galeragatiko eta Hiperaktibitateagatiko Asaldura (AGHA) diagnostikatua zuen Ilyasek, eta hamar urte zituenetik kontsumitzen zituen substantziak. Beraz, suizidioaren aurkako protokoloa ezarri behar zitzaion gazteari, soslai berezikoa baitzen. Familiak eta hainbat adituk salatu dute hil zen egunean ezarri zioten protokoloa gehiegizkoa zela, eta horrek eragin zuela gaztearen heriotza.
Familiak, bestalde, salatu du zentroan eman zituen azken bi hilabeteetan gehiegikeriak jasan zituela. Bi hilabete horietan familiako inork ezin izan zuen Ilyas ikusi, baina hil aurreko egunean bere ama zentrora joan zen semea ikustera. Bertatik ateratzean, salaketa jartzeko asmoa zuen: “Ateratzean, nire arrebari deitu nion. Abokatu bat bilatu behar zuela esan nion, salaketa jartzeko asmoa baikenuen”, esan dio Khadijak, Ilyasen amak, El País egunkariari. Hurrengo egunean, arratsaldeko zazpitan dei bat jaso zuen, bere semea “bihotzekoz” hil zela esanaz.
Tierras de Oria zentroa
Almeriako adingabeen zentro honetan antzeko kasuak jazo dira lehenago. 2015ean, esaterako, adingabeekiko tratu txarrengatik salatu zuten zentroa, gazte batek jasan zituen tratuen harira: “Egun batean lau orduz izan zuten atxikituta nire semea, argia itzalita eta urik eman gabe”, adierazi zion ama batek Público egunkariari. Beste ama batek salatu zuen neguan ur hotzarekin dutxatzera behartzen dituztela. Urte berean zentro bereko bideo bat zabaldu zen, bi gazte oheari lotuta. “Ura eman, mesedez, erregutzen dizuet!” oihukatzen ari ziren.
Zentroa kudeatzen duen GINSO enpresak ez du adierazpen publikorik egin oraindik. Espainiako Arartekoak ikerketa abiatu du, eta Andaluziako Arartekoak eta adingabeen defendatzaileak, berriz, ofizio-kexa abiatu dute heriotzaren kasua ikertu dadin. Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak gogorarazi du salaketak jarrita daudela Espainiako agintaritzetan eta NBEan, non euste mekanikoa debekatzea eskatzen den.