argia.eus
INPRIMATU
Itolarrian dabilenari, arnasa
  • Milaka eta milaka euskaltzale eta euskal kulturaren zale elkartu dira Durangon asteburu luzean, ondo asko egonkortua den urteroko hitzorduan. Sartzeko itxaronaldiak, ordubeterainokoak, euripean... Kultur-gosez egon da jendea. Eta asebeteko ziren, halaxe sumatu baita postuen barneko jendearen irribarreetan. Larrialdian den hizkuntzari, larrialdian den hizkuntza horren kulturari, itolarrian dabilen kulturgileari... Behingoagatik bada ere, arnasa. Baina mezua argia da: urte osora zabaldu behar da.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea Dani Blanco 2024ko abenduaren 09a
Durangoko Azoka

Egiturazko espazioak ugarituta, euskal kulturgintzak ohiko hartzaile gehiago izango lituzke", adierazi du Durangoko Azokaren antolatzaile den Gerediaga elkarteak behin aurtengo edizioa amaituta. Izan ere, hauxe da ateratarako ondorio nagusia: kulturzaleak euskal kultur sistema osasuntsu baten parte izateko prest daudela, eta behar dutela, eskatzen dutela, eta premiaz, gainera. "Horrek guztiak pentsatzera garamatza", zehaztu dute antolatzaileek, eta horretaz gogoetatzeko eskatu diete kultur eragile, herri erakunde, komunikabide, sortzaile eta kulturzale guztiei.

 Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Ez egin irakurketa bizkorrik: ez dira ari Durangoko Azokak esponentzialki beste bazterretara ugaltzeaz. Baizik eta euskal kultura urte osora hedatzeaz, modu ugaritan, agerpen maila eta moldeetan, kuantitatiboki zein kualitatiboki; izan ere, euskaradun jende kulturgile eta kulturzale asko dira Euskal Herrian, Durangoko Azokan beste behin berretsi denez.

Inkesta bat egin du aurten antolakuntzak; datorren urtean ezagutaraziko dira datuak. Bisitari eta saltzaile profilak aztertu dituzte.

Landakogunean ez ezik, kanpoan ere bazen giro. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Durango, gainezka
Jende andana elkartu da. Milaka ikasle batu ziren, hasteko, ostegun goizean, Ikasle Goizean; Euskal Herri osotik 100 bat autobus jaso zituen Durangok, eta bestelako garraiobide publikoz ere bertaratu ziren asko eta asko. Goiza abiatzerako, edukieraz bete-bete eginda egon zen Landako gunea, eta zenbait unetan itxi zuten sarbidea.

Dena den, Durangon ibili denak edota komunikabideak jarraitu dituenak badaki ostirala izan zela egunik jendetsuena. Goizean goizetik, kasik iluntzera arte, aforoa gaindituta egon zen, eta ez zuen meritu makala izan ilara egitea egokitu zitzaion jendeak. Ordubete inguru egon zenik ere bazen, euripean eta ez tenperatura oso atseginean. Horiei guztiei eskerrik beroenak adierazi dizkie antolakuntzak.

 Durangoko Azoka

Larunbata ildo beretik joan zen eguraldiari zegokionean, baita giro aldetik ere, baina jende gutxiagorekin. Hala eta guztiz ere, aforoa beteta une batean baino gehiagotan, eta ilarak kanpoan. Igandea, berriz, patxadatsuago, etxean egoteko eguraldiak ere hala lagunduta.

Sormen beka, Harien isla ilustrazio proiektuak
Euskara jendea gaitzat hartuta, esku-hartze artistiko bat egitea zen Durangoko Azokako antolakuntzak aurtengo deialdirako planteatutako zeregina, eta Irati Bazeta ilustratzaile abadiñarrak irabazi du, Harien isla proiektuarekin. Urtebete izango du proiektua gauzatu eta erakusgai ipintzeko; 15.000 euroko beka du horretarako.

Irati Bazeta ilustratzaile abadiñarrak jasoko du beka. Durangoko Azoka

Bazetak prentsaurrean jakinarazi duenez, margogintzan oinarrituko du bere lana. Dozena bat pieza sortzeko asmoa du, eta hainbat hausnarketa partekatzea gustatuko litzaioke, besteak beste, herritarren partaidetza bultzatuta. Hainbat galdera ditu gogoan: "Nor da euskara jendea? Zer dakar euskara jendea izateak? Ba al dugu euskara jendea garenaren kontzientziarik? Euskaraz bizi edo euskarara heltzeko denok baliabide berak al ditugu? Zein egoeratan sentitu dugu hizkuntza estresa? Hainbat galdera oinarri hartuta landutako proiektua da".

Zazpigarren urtez jarraian egin dute beka-deialdia Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak, elkarlanean. "Erakusleiho baino gehiago" izatea nahi zuten Durangoko Azoka, sortzaile "berrien bidelagun", gazte asko nabaritzen zutelako, diziplina ugaritan, sortzeko gogoarekin, euskaraz eta euskaratik.

Benito Lertxundi omendu dute

59 urte bete ditu Durangoko Azokak, eta 60 urte daramatza Benito Lertxundik oholtza gainean. Lehen urtetik, hortaz, han izan da.
Baina ez da gehiagotan izango, ez behintzat oholtza gaineko musikari moduan. Azaroaren 27an iragarri zuen erretiroa Orioko Bardoak, Gernika-Lumon iaz grabaturiko zuzeneko kontzertuaren bi disko kaleratzearekin batera. Azken lan hori izan da aurtengo Durangoko Azokan ahoz aho ibili den obra esanguratsuetakoa.  

Orioko Bardoa izan delako nor, badelako nor, Durangoko Azokaren historian ere bai, jakina, oso modu berezi eta ez ohikoan itxi zuten aurtengo azokaren edizioa Landakogunean. Bertan ziren musikari, bisitari eta erakusmahaietako kideek Etxahun Irurik idatzi eta Benito Lertxundik ezagutzera eman zuen Oi ama Eskual Herri kantua abestu zuten denek elkarrekin. Areto nagusiko oholtzan, Iker Laurobaren gitarra doinuei segika, koruan abestu zuten makina bat musikarik.

Benito Lertxundi omendu dute azoka ixteko ekitaldian. FOKU / Oskar Matxin Edesa

Nestor Basterretxeari ere, esker ona
Nestor Basterretxea artista bermeotarraren diseinu eta ilustrazio lan ugari Durangoko Museoan egon dira ikusgai, erakusketa batean. Lanetako asko sekula ikusi gabeak izan dira. Durangoko Azokarekin izan du harremana Basterretxeak; esaterako, 2012an berak sortu zuen 47. ediziorako irudia.

Horrez gain, Basterretxeak Durangaldearekin izandako lotura ere gogoratu du Gerediaga elkarteak. Besteak beste, Otxandioko bonbardaketaren biktimen omenezko Heriotza zerutik etorri jakun eskultura eta Hirugarren hilarria artelana.

Nestor Basterretxea omendu zuten. Durangoko Azoka

ARGAZKI-GALERIA. Dani Blancoren eta Durangoko Azokako argazkilarien eskutik.

 Durangoko Azoka
 Durangoko Azoka
BaDAbil! podcastaren zuzeneko grabaketa. Gidari lanetan Amets Aranguren, eta gonbidatu: Beñat Sarasola, Idoia Asurmendi eta Amancay Gaztañaga. Durangoko Azoka

 

Udane Juaristi eta Balu artistak, aurtengo kartelaren egileak. Durangoko Azoka
Jon Arretxe idazlea, liburu berria sinatzen. Durangoko Azoka
Janus Lester taldea, abeslaria bera eta taldeko kideak. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA
Gorka Urbizu, sinatu eta sinatu. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA
 Durangoko Azoka

 

ARGIAren stand-ean hiru egile: Adur Larrea, 'Abentura erraldoia' komikiaren ilustratzailea, marrazkiak egiten liburuko orri hutsetan, gero jendeak sorpresa eraman zezan; Iñaki Sanz-Azkue, Bizi Baratzeako ohiko kolaboratzailea eta 'Hizki Pizti' jolasaren egilea; eta Amaia Egidazu, jolas beraren egilea. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA
 Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA
 Durangoko Azoka
 Durangoko Azoka

ARGIAk eta Bizi Baratzeak bere aurtengo nobedadeak aurkeztu ditu.

Garbiñe Larrea, 'Kosmetikoak sendabelarrekin' eta 'Sendabelarrek dakitena' liburuaren egilea, geratu gabe aritu da liburuak sinatzen. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA
Jakoba Errekondo eta Markel Arriolabengoa, ostiralean, datorren urteko ilargiaren eta landareen agenda aurkezten. Aurtengo agendaren gaia "animaliak" da, eta horregatik, Arriolabengoak eman ditu azalpenak, berak jorratu duelako. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA
'Superbotereak' hezkuntza liburuaren aurkezpena. Koldo Rabadan egilea eta Gorka Peñagarikano liburuaren editorea. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA
ARGIAk, aurten, denda fisikoa ipini du Andra Mari elizaren parean. Inor ez da ilegala-ren gunea izan da. Irudian Bouba Diouf, Mbolo Moye Doole elkarteko kidea. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA
'Haziak' liburuaren aurkezpena. Miguel Arribas 'Kelo'-k aurkeztu zuen ostiral arratsaldean, Durangoko Museoan. Jende asko bertaratu zen. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

 

Jakoba Errekondo, datorren urteko ilargiaren egutegia aurkezten. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA
'Kosmetikoak sendabelarrekin' liburuaren aurkezpena. Maitane Gartziandia ilustratzailea, Garbiñe Larrea idazlea eta Ibai Arrieta argazkilaria. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA