argia.eus
INPRIMATU
Italiari leporatu diote 47 migratzaileren erreskatea “nahita atzeratzea” eta “hiltzen uztea”
  • 30 migratzaile desagertuta daude eta hamazazpi salbatu dituzte Libiako kostaldean, merkataritza ontzi bat migratzaileak erreskatatzera joan eta azken horien ontzia irauli ostean.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 13a
47 migratzaile zihoazen ontzian, eta hamazazpi baino ez dituzte erreskatatu. (Argazkia: SeaWatch)

Alarm Phone GKEak Italiako Gobernuari leporatu dio "nahita" atzeratu duela 47 migratzaileren erreskatea, horiek "hiltzen uzteko". 30 pertsona hil egin dira eta desagertuta jarraitzen dute; hamazazpi erreskatatu dituzte. Merkataritza ontzi bat ari zen erreskate lanetan migratzaileen ontzia irauli denean, Italiako kostazainek azaldu dutenez.

Libiako kostaldetik abiatu zen migratzaileen ontzia, eta noraezean zebilen. Alarm Phonek azaldu duenez, larunbat goizaldeko 2:30ean Italiako, Libiako eta Maltako agintariei eman zioten arriskuaren berri: "Baldintza meteorologikoak oso arriskutsuak ziren eta berehalako erreskatea behar zen". GKEak uste du italiar autoritateek migratzaileak Italiara iristea saihestu nahi zutela, eta horregatik atzeratu zutela interbentzioa, Libiako kostazainek migratzaileak Libiara itzularazteko.

Hasieran, Libiako agintariek GKEari jakinarazi zioten ontzi bat bidaliko zutela erreskaterako. Ondoren, ez zeudela prest adierazi zieten, eta Italiari zegozkiola bilaketa eta erreskate lanak.

Sea Watch GKEak Libiako agintarien jarrera salatu du. Dirudienez, merkataritza ontzi bat migratzaileen ontzitik gertu zegoen, baina agindu zioten Libiako kostazainen zain egoteko, haiek erreskaterako ekipatuta ez zeudelako. Azkenean, kostazainak ez ziren agertu. Italiako erreskateen koordinazio zentrora deitu zuten Sea Watcheko kideek, koordinazioaz nor arduratuko zen galdetzeko. Diotenez, telefonoa eskegi zieten.