argia.eus
INPRIMATU
Umeak kalera irtetea onartu du Italiako Gobernuak
  • Italiako Gobernuak aste honetan egindako zehaztapenen arabera, umeek etxetik gertu eta gurasoetako batek lagunduta kalera irten ahal izango dute, koronabirusak gehien zigortutako Europako estatuan. Hala, Italia batu da umeek kalera ateratzeko beharra aintzat hartzen duten estatuen zerrendara, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Suitza, Austria edo Suitzarekin batera.

Axier Lopez @axierL 2020ko apirilaren 01
Etxetik gertu eta gurasoetako bakarrak lagunduta, haurrek kalera irten ahal izango dute Italian.

Asteartean Italiako Gobernuak argitaratutako zirkularraren arabera, umeak kalera ateratzea "jarduera fisiko" gisa hartuko da hemendik aurrera eta ez "aire librean egindako kirol" gisa. Desberdintasun horri esker, haurrentzat konfinamenduko baldintzak pixka bat lasaituko dira, nahiz eta oraindik kalera ateratzeko aukera mugatuta edukiko duten.

Aldaketa berriari esker, haurrek gurasoetako batekin kalera ateratzeko baimena izango dute, baina betiere etxetik gertu. Italiako Barne Ministerioak azaldu duenez, ordea, konfinamenduaren baldintzak lehengo berak dira eta haurrek ere errespetatu beharko dituzte kalean.

Halere, erabakia ez da denen gustukoa izan. Lombardiako zinegotzi Giulio Galerak, adibidez, adierazi du hau ez dela "guardia jaisteko" momentua eta Barne Ministerioaren zirkularrak "efektu psikologiko suntsitzailea" izan dezakeela herritarren artean.

Erabaki honekin Italiako Estatua batu da Nazioarteko Osasun Erakundeak umeentzat gomendatzen duenari kasu egiten dion Europako herrialdeen zerrendara. Tartean dira, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Suitza, Austria edo Belgika. Denetan umeek egunero kalera ateratzeko aukera daukate, konfinamenduko neurri orokorrak errespetatuz.

Espainiako Estatuan gero eta ahots gehiago.

Aste honetan Aragoiko presidenteak eskatu dio Pedro Sanchezi umeek aire librera ateratzeko aukera baimentzea. Eta asteartean, Bartzelonako alkate Ada Colauk zentzu berean egin du eskaera. Heike Freire soziologoak abiatutako sinadura bilketak 36.000 babes bildu ditu. Momentuz, Espainiako Gobernuaren erantzuna ezetza izan da, eta salbuespen bakarrak supermerkatura joateko haurra inorekin uzteko aukera ez duten kasuak eta autismoa eta espektro autista duten haurrak dira.