argia.eus
INPRIMATU
Italian ere Covid ziurtagiria erakutsi beharko da taberna edo zinemara sartzeko
  • Italiako Gobernuak Frantziaren adibidea jarraitu du, eta abuztuaren 5etik aurrera, “ziurtagiri berdea” eskatuko zaie biztanleei hainbat aisialdi gunetara sartzeko. Gobernuak larrialdi egoera bost hilabetez luzatu du, abenduaren 31ra arte.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 23a
Mario Draghi Italiako lehen ministroa. Argazkia: World Economic Forum

Abuztuaren 5etik aurrera, Italiako hainbat aisialdi gunetara sartzeko, beharrezkoa izango da osasun ziurtagiria erakustea. Herritarra orok txertatuta, PCR proba negatiboa eginda edo gaixotasuna pasatu duela jakinarazi beharko du taberna eta jatetxeetara sartzeko.

“Ziurtagiri berdea” zinemetan, antzokietan, museoetan, kontzertuetan, joko saletan eta kirolguneetan (gimnasioak, piszinak zein estadioak) ere eskatuko da. Barran eta terrazan kontsumitzeko, ordea, ez da beharrezkoa izango.

Uztailaren 22an 5.057 kasu positibo atzeman zituzten herrialdean, eta 15 hildako izan ziren. Zifrak gorantz doaz, eta Italiako Ministro Kontseiluak erabaki du beste bost hilabetez luzatuko duela larrialdi egoera, abenduaren 31ra arte. Gainera, neurri gogorragoak ezarri daitezkeela ere aurreikusi dute, kalean maskararen erabilera derrigortzea kasu.

Mario Draghi lehen ministroak adierazi du dekretu bidez hartutako azken erabaki hau "lasaitasuna ematen duen neurria" dela, herritarrek "dibertitzen" jarraitu dezaketelako, "kutsakorrak ez diren pertsonen artean dauden bermearekin". Halere, txertaketari garrantzia eman nahi izan dio Draghik: 12 urtetik gorako italiarren erdia baino gehiago dago txertatuta, eta falta direnei  "berehala" egiteko deia zabaldu die, "haien burua eta familia babesteko" derrigorrezko neurria baita.

Birusaren Delta aldaerak dakarren "mehatxuaren" aurrean, erabakiak azkar hartu nahi izan ditu lehen ministroak: "Europako beste herrialde batzuk gure aurretik doaz, kutsatzeei dagokionez, baina ikasi dugu, berehala erreakzionatu gabe, Frantzian edo Espainian gertatzen ari dena Italian ere gerta daitekeela pentsatu behar dugula". Are gehiago, Frantziak duela astebete hartu zituen neurrien antzerakoak aplikatu nahi ditu Draghik kutsatzeen igoera saihesteko.  

Macronen pass sanitaire

Uztailaren 12an, Emmanuel Macron Frantziako lehen ministroak erabaki zuen osasun ziurtagiria —pass sanitaire— elkarretaratze handietan eskatzeaz gain, taberna, jatetxe zein garraio publikoan ere derrigorrezkoa izango dela. Gaitza pasatu izana, txertoa hartu izana edo aurreko egunetan egindako testean negatibo eman izana zehaztu behar du dokumentuak.

Italian ziurtagiri bera erabiliko dute, aldaketa bakarrarekin: txertatuta daudela erakusteko, biztanleek nahikoa izango dute dosi bakarra jaso izana. Era berean, garraio publikoan ez da derrigorrezkoa izango "ziurtagiri berdea" erabiltzea. Liga alderdi ultraeskuindarrak egin du eskaera hori.

Dekretuaren onarpena 

Osasun ziurtagiriaren erabilera indarrean sartu dadin, parlamentuan onartu beharko da lehenengo. Ezkerreko alderdiek, begi onez ikusi dute neurria, baina Liga alderdi ultraeskuindarrak kontrako jarrera agertu du.