argia.eus
INPRIMATU
Italiako portuak itxita eta laguntzarik gabe, egoera larria bizi du 150 migratzaile dituen ontziak
  • Pandemiaren krisiak iraun bitartean, Italiako Gobernuak herrialdean porturatzea debekatu die erreskate lanetan ari diren barku atzerritarrei. Hori dela-eta, 150 migratzaile dituen erreskate-ontzi alemaniarra ezin porturatu dago itsasoan eta bertatik ohar garbia egin dute ostiral honetan: jatekorik gabe geratzen ari dira.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko apirilaren 10a
Alan Kurdi (argazkia: Sea-Eye)

Gobernuak argudiatu du koronabirusaren krisiak iraun bitartean ezin dutela ziurtatu osasunaren ikuspegitik Italiako portuak leku seguruak direnik eta horrez gain, konfinamenduan dauden Italiako herritarrekiko berdintasun tratua hartu dutela irizpide.

Kontua da, Sea-Eye Gobernuz Kanpoko Erakunde alemaniarraren Alan Kurdi ontziak 150 migratzaile dituela Mediterraneoan erreskatatuta eta non lur hartu zain daudela. Bertatik adierazi dutenez, elikagaiak, botikak eta erregaia eskatu dizkiote Italiako erreskate zuzendaritzari: “Berehala erantzun digute ezetz”, gaineratu dute.

Barkuan tentsioa gora doala nabarmendu dute, ontzia ez baitago egokituta 150 lagun epe luzez hartzeko. “Hurrengo 48 orduetan janaria beharko dugula azpimarratu nahi dugu”.

Industriarentzat badaude baliabideak, migratzaileentzat ez

Italiak bezala, Libiak eta Maltak ere portuak itxi dituztelako kezkatuta daude erreskate-ontzian. “Libian diote maskararik ez dutela denentzat”. Oso kritiko hitz egin du Sea-Eye erakundeko presidenteak: “Ez da onargarria Europako industria laguntzera milioi askoko erreskateak bideratzea eta aldi berean esatea migratzaileak babesteko baliabiderik ez dagoela”.

Italiak esan dio Alemaniari berak hartu behar duela ontzi horren –baita haren porturatzearen– gaineko ardura.

Aurrekariak

Eskuin muturreko Liga alderdiko liderra, Matteo Salvini, Italiako Barne ministro zelarik, portuak itxi zituzten baita ere, 2018ko ekainetik 2019ko abuztura. Areago, migratzaileak erreskatatzen zituzten ontziei isunak jartzea onartu zuten orduan.