argia.eus
INPRIMATU
Italiako iparraldea isolatuta koronabirusagatik
  • Italia fisikoki banatu du koronabirusak. Lombardia eta beste hamalau probintzia isolatu ditu Italiako Gobernuak koronabirusaren hedapena geldiarazteko helburuarekin. Hamasei milioi pertsona baino gehiagok dute herrialdeko iparraldetik irtetzeko debekua.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 09a
Italiako poliziaren kontrola "gune gorri" baten sarreran.

Lehendik ere isolamendua jarria zegoen Italiako iparraldeko lurretan, baina garraiobideen eta polizien joan-etorriak mantentzen ziren. Oraindik neurri gehiago jakinarazi gabe badaude ere, Alitalia konpainiak iparraldeko hegaldiak bertan behera utziko dituela adierazi du.

Isolamenduak badu salbuespenik, ordea. Osasunari edo lanari lotutako arrazoiengatik “gune gorrietara” sartu ahal izango dute, beti ere estazio, aireportu edo errepideetako kontrolak gaindituz gero. Positibo ematen ez dutenek edo berrogeialdian ez daudenek sartu ahal izango dute, baina ez irten. Legea ez betetzeak hiru hilabeteko kartzela-zigorra edo 206 euroko isuna ekarri dezake.

366 hildako eta 7.000 kutsatutik gora daude Italian, Txinako mugetatik kanpo gehien koronabirusa gehien hedatu den herrialdean. Azkeneko 24 orduetan soilik 133 pertsona hil dira.

Mundu mailan 110.200 lagunetik gora kutsatu dira, 3.840 hildakorekin. Guztira 62.095 lagun sendatu dira, ordea. Oraindik ere Txina da kutsatu eta hildakoen zatirik handiena dituena, baina jada bere mugetatik kanpora ematen diren kasu berriak gehiago dira bere jatorrizko lurraldean ematen direnak baino.