Igandean eta astelehenean izango diren Italiako hauteskundeetan parte hartuko duten mugimendu autonomista eta independentisten analisi bat egin du vilaweb.cat webgune kataluniarrak. 630 diputatu eta 315 senatari aukeratuko dituzte, eta guztira 184 hautagaitza aurkeztu dira, horietatik batzuk euren lurraldearentzat beste estatus bat eskatzen dutenak. Zaila izango dute ordezkaritza lortzea, bozken %4a lortu behar baitute.
Sardinia
Partito Sardo d’Azionek (PSd’AZ) irlarentzat burujabetza osoa eta autonomiaren berritzea eskatzen du. Abenduan independentziaren eta erreferendum baten aldeko bi mozio aurkeztu zituen Sardiniako Kontseiluan, baina atzera bota ziren biak, galdeketarena bozka bakar batengatik. Askatasunaren aldeko apustu garbiagoa egiten duten beste bi alderdi izango dira hauteskundeetan, Independenza per la Sardegna Soberania (ISS) eta Movimentu Europeu Rinaschida Sarda (MERIS).
Sizilia
Movimento per l’Indipendenza della Sicilia (MIS) Siziliako alderdi independentista nagusia da. Bakarrik aurkeztu dira eta ordezkaritza lortzea zaila edukiko dute. Movimento per le Autonomiek (MpA) eta Partito del Popolo Sicilianok (PPS) 1948an adostutako autonomia estatutuaren aplikazio osoa eskatuko dute.
Bozen-Hegoaldeko Tirol
Hegoaldeko Tirolgo mugimendu autonomista nagusiak, Südtiroler Volksparteik (SVP), koalizioa osatuko du Partito Autonomista Trentino Tiroleserekin (PATT) eta Partito Democraticorekin. Hala, SVPk lehen aldiz Italiako alderdiekiko distantziakidetasuna hautsiko du, PDk autogobernuaren alde lan egingo duelakoan. Die Freiheitlichenek estatu berri baten sorrera aldarrikatuko du, eta immigrazioaren aurka agertu da.
Besteak
Aostako Haranean UV mugimendu abertzale historikoaren zatiketatik UVP ezkerreko alderdia jaio da. Halaber, abantaila fiskalak izango dituen estatu bat eskatzen duen zerrenda bat aurkeztuko da. Véneton Independenza Venetak EBrekin eta NBErekin harremanetan jartzeko mozioa bultzatu zuen bertako kontseiluan. Etorkizunean galdeketa bat egiteko lehen urratsa bezala ikusten dute.
Italia iparraldeko (Padania) Lega Norte Lamberto Dini eta Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroen kide izandakoa da. Momentuaren arabera federalistak edo independentistak izan dira. Hala ere, Friulin eta Véneton, esaterako, eszisioak eduki ditu Legak eta euren kabuz aurkeztuko dira.