Hasieran bost milioi euro bideratuko ditu, eta sei hilabete iraungo duen "migrazio larrialdi egoera" ezarriko du. Besteak beste, aberriratzeko atxilotze zentro gehiago irekiko ditu. Gobernuz Kanpoko Erakundeek arduragabekeriaz jokatzea leporatu izan diote Giorgia Meloni Italiako Ministroen Kontseiluko Presidenteari.
Italiako Gobernuak "migrazio larrialdi egoera" ezarri du, Italian gelditzeko baimenik ez duten migratzaileak identifikatzeko eta kanporatzeak errazteko. Horretarako bost milioi euro bideratuko ditu Giorgia Meloni buru duen gobernu ultraeskuindarrak, eta sei hilabete iraungo du.
Asteazkenean hartu du erabakia Ministroen Kontseiluak, Nello Musumeci Italiako Babes Zibileko eta Itsas Politiketako ministroaren proposamena onartuta. Neurri horrekin, gaur egun indarrean dauden ordenamenduko arau batzuk indargabetu ahal izango dituzte. Migranteak beren herrialdera itzultzeko egitura gehiago jarriko dituzte martxan, esaterako, aberriratzeko atxilotze zentro gehiago irekita.
Europari esku hartzeko deia
Italiako Gobernuak Europari auzian esku hartzeko eskatu dio. Matteo Salvini Ligako presidenteorde eta liderrak Europako herrialdeen arteko batasuna eskatu du, eta gaineratu du migrazio politika ez dela "Italiaren, Espainiaren, Greziaren eta Maltaren erantzukizuna soilik".
Musumecik ohartarazi du gutxienez beste hamar urtez iraungo duen "arazoa" dela migrazioarena, eta azpimarratu du aurre egitea Europar Batasunari dagokiola.
2023an 31.000 migratzaile Italiara
Azken astean 2.000 migrante baino gehiago iritsi dira Italiako kostara. Gobernuak adierazi duenez, urtea hasi zenetik 31.000 migratzaile iritsi dira, iaz baino ia lau aldiz gehiago. Gobernuz Kanpoko Erakundeek Italiari arduragabekeriaz jokatzea leporatu izan diote. Esaterako, martxoan hamarnaka migranteren erreskatea "nahita atzeratzea" egotzi zioten, horiek "hiltzen uzteko".