argia.eus
INPRIMATU
Italiako Gobernuak 20.000 milioi euro bideratuko ditu Monte dei Paschi bankua erreskatatzeko
  • Kapitala diru pribatuaren bidez handitzeko prozesuak porrot egin ostean, bankua erreskatatzeko dekretua onartu du Italiako Gobernuak.  

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko abenduaren 23a

Diru publikoarekin erreskatatuko dute munduko bankurik zaharrena. Italiako Gobernuari eskatu dio laguntza Monte dei Paschi (MPS) bankuak, ez dituelako bildu erreskatatzeko beharrezko zituen 5.000 milioi euroak.

Zehazki 27.000 milioi euro pilatu ditu Monte dei Paschi-k mailegu usteletan (eman dituen guztien artean %42), eta bere akzioak %87,5 jaitsi dira urte betean. Kapitala diru pribatuaren bidez handitzeko prozesuan murgilduta, Qatar inbertsio funtsarekin egon da negoziaketetan MPS. Hala ere, ez du behar beste diru lortu. Bankua salbatzeko 5.000 milioi euro behar zituen, eta 2.450 milioi besterik ez ditu lortu.

Italiako Gobernuari laguntza eskatu, eta 20.000 milioi euroko diru funtsa sortu du horrek, MPS eta arazoak izan ditzaketen bankuak laguntzeko. Modu horretan, herritarren esku geldituko da bankuen zorraren zati handi bat, urtarrilean Europako bankuak diru publikoarekin erreskatatzea eragozten duen araua ezarri zen arren.

Izan ere, Bail-in izeneko sistema jarri zen martxan Europan 2016ko urtarrilean. Horren arabera, bankuaren akziodunek, zordunek eta, egoeraren arabera, gordailu handiak dituzten bezeroek erreskatatu beharko dituzte bankuak, eta ez zergapekoek.

Espainiako Estatuko erreskatean, 51.000 milioi euro eman zizkien mailegu Espainiako Gobernuak bankuei. Eta hiritarrek krisia ordainduko ez zutela zin egin zuten arren, Gobernuak jarritako diru horren erdia betiko galdu dela adierazi du Espainiako Bankuak, zehazki 26.300 milioi euro.