argia.eus
INPRIMATU
Italiak ere herritarren mugimenduak jarraitzeko aplikazioa aurkeztu du: Immuni
  • Bluetooth bidez, positibo eman duten pertsonen mugimenduak jarraitu ahal izango dituzte, eta haiekin harremanetan egon direnak prebentiboki isolatu. Horrez gain, erabiltzailearen historial medikoa gordeko du eta eguneroko sintomen agenda bete ahal izango du erabiltzaileak. Aplikazioa ez da derrigorrezkoa izango.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 17a
Immuni aplikazioa. Argazkia: UrbanPost.

Birusaren hedapenaren bigarren fasean da Italia, eta positibo berrien jatorria kontrolpean izatea ezinbestekoa dela adierazi du gobernuak. Horretarako, herritarren mugimenduak eta historial medikoa kontrolatzen dituen Immuni aplikazioa jarriko du martxan.

Esan bezala, bi funtzio nagusi ditu. Alde batetik herritarren mugimenduak kontrolatzen ditu eta positiboekin harremanetan egondako jendea identifikatzen du. Erabiltzailearen inguruan izan diren pertsonen kokapen datuak gordetzen ditu. Beste alde batetik, erabiltzailearen historial medikoa, farmaziako eskaerak eta sintomen kontrola gordetzen ditu. Erabiltzaileak aukera izango du egunero bere sintomak adierazteko aplikazioari.

Estatu osora zabaldu aurretik, zenbait probintziatan probatuko dutela esan du Domenico Arcuri osasun larrialdietako buruak. Aplikazioa instalatzea herritarren borondatearen esku dagoela azpimarratu du, baina “erabilera masiboa” espero dutela esan du. Lortutako datuak baliagarriak izateko, gutxienez italiarren %60ak instalatu beharko du aplikazioa.