Italiako Gobernuak udaletara 400 milioi euro bideratuko ditu, udalek herritarren artean erosketa-bonoak banatu ditzaten. Koronabirusak herritarren ekonomian ekarri duen larritasunaren aurrean hartutako erabakia da.
Italiako presidente Giuseppe Contek martxoaren 28an iragarri ditu udalei eragingo dien bi neurri. Lehena, herrialdean zergak bildu eta ondoren udaletara dirua bideratzen duen "solidaritate fondotik" 4.300 milioi euro aurreratuko dizkiela Gobernuak udalei, "udal aurrekontuei lehenbailehen oxigenoa emateko".
Eta bestalde, beste 400 milioi euro bideratuko dituztela udaletara, hauek herritarren artean erosketa-bonoak banatu ditzaten: "Hurrengo astetik aurrera, udalek txeke hauek eman ahalko dituzte edo lehentasunezko produktuak banatu ahalko dizkiete behar dutenei. Ez dugu inor bakarrik utziko, batez ere gizarte osoa sufritzen ari den garai honetan, baina gehiago sufritzen duen jendea badagoenean" adierazi zuen Contek.
Elikagai ekoizle eta saltzaileei dei egin zien bono hauek erabiltzen dituzten erosleei %10eko beherapena egitera animatuz.
400 milioiak banatzerakoan herrien biztanle kopurua hartuko dute kontuan, baina baita baldintza sozioekonomikoak ere, Ekonomia ministro Roberto Gualtierik jakinarazi zuenez.