“Kezkagarria” den egoera baten aurrean erantzuna “urgenztziakoa” dela dio Itaiak Bilbon egindako prentsaurrekoan. Eskuineko sektoreek matxismoa “neurri baztertzaileak” galdegiteko baliatzea salatu eta gizartean “kontzientziazioa indartzea eta guztion inplikazioa” ezinbestekoak direla azaldu dute.
Itaiak prentsaurrekoa egin du astelehenean Bilbon eraso matxisten “normalizazioa”, hauen inpunitatea eta diskurtso matxisten zabalpena salatzeko. Honek guztiak “atzerapausu handia” dakarrela adierazi du sareak, eta egoera “kezkagarritzat” jo du. Azken aldian Euskal Herrian jazo diren eraso matxistak “zenbaki bihurtzen ari dira” eta gizarteak eraso horiek guztiak “normalizatu egin dituela” argudiatu dute Itaiako kideek , eta modu honetan matxismoaren aurkako borroka “apaltzen” joan dela ikusten dute.
“Gainera, bada oraindik matxismoaren aurrean beste aldera begiratzen dutenik, edo zuzenean matxismoaren existentzia bera ukatzen dueenik ere. Nazkatuta gaude. Errealitateak argi erakusten du matxismoak gure gizartean duen presentzia. Hori ukatzeak, erasoak jasaten dituzten emakumeei bizkarra ematea esan nahi du. Eta, horrez gain, erasotzaileen inpunitatea indartzen du”, agertu dute.
Eskuin muturreko sektoreek emakumezkoen aurkako biolentzia “modu kontziente batean” ukatzen dutela salatu du emakumeen antolakunde sozialistak, eta matxismoa diskurtso arrazistak zabaltzeko zein “politika baztertzaileak galdegiteko” erabiltzen dutela azaldu du. Honela, Itaiak azaldu du eskuineko alderdiek “segurtasun ezari polizia indarren eta salaketa juridikoen bitartez” irtenbidea eman nahi diotela, eta “poliziaren baitan dagoen erasotzaile kopurua kezkagarria dela” ohartarazi du taldeak gaur. Hala, azken hilean Bilboko udaltzain bat bere bikotekidea erasotzeagatik atxilotua izan zela aipatu dute taldeko menbruek.
Honen guztiaren aurrean erantzuna “urgentziazkoa” dela eta gizarte osoan kontzientziazio lana “beharrezkoa” dela azaldu dute Itaiakoek. Eskaera bi azaldu dituzte. Lehenik komunikabideetan hedatu den diskurtso matxistari aurre egitea, eta bestetik erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzea, “konplize bihur ez gaitezen” eta emakumeek behar duten babes soziala izan dezaten.
Indarkeria matxistaren normalizazioaren aurka borrokatzeko “kontzientziazioa indartzea eta guztion inplikazioa” ezinbestekotzat jo dituzte Itaiako kideek, eta “guztiok garela eraso matxistei erantzuteko agente” azpimarratu dute gaur Bilbon. Testuingurua hau delarik, eraso matxisten aurkako borroka indartu nahi dutela adierazi dute kideek, eta borrokara batzeko eta antolatzeko deia egin dute “indarkeria matxistaren aurka kaleak har ditzaten”.