argia.eus
INPRIMATU
ITA aerolinea publikoa sortu du Italiako Gobernuak, Alitalia konpainia pribatua itxi ondoren
  • Hegazkin enpresa pribatuak 1.300 milioi eurotik gorako laguntza publikoak jaso ditu, baina porrot egin du. Konpainia nazional batek hartuko du bere lekua urriaren 15etik aurrera. 7.000 behargin lanik gabe geratu daitezke itxierarengatik.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 30
Argazkia: Adam Moreira (AEMoreira042281)

Alitalia hegazkin konpainia itxi, eta bere lekuan ITA (Italia Transporto Aereo) aerolinea publikoa sortu du Italiako Gobernuak. Enpresa pribatuak diru eta laguntza publikoak jaso dituen arren, galera ekonomiko handiak izan ditu, eta 2017tik egon da konkurtso-administrazioan. Negoziazio luzeak egon dira ordutik Gobernuaren Europako Batzordearen artean, konpainia nazionalizatzeko.

Elkarrizketak uztailaren 5ean bukatu zituzten, eta abuztuaren 18an jaso zuen ITA aerolinea berriak Aire Operadore Ziurtagiria eta Aire Garraioa Ustiatzeko Lizentzia. Urriaren 15ean hasiko dituzte lehen hegaldiak; Alitaliak ateak itxiko dituen egun berean.

Halere, itxiera hori ez da erraza izango. Konpainia pribatuko 10.000 langileek enpresa berrira lekualdatzeko eskatu dute, baina ITAk adierazi duenez, 3.000 behargin baino ez ditu hartuko lehen faserako. Gainera, soldatak murriztu egingo dizkie gelditzen direnei. 

Irailaren 24an grebarako deia egin dute postua mantendu nahi duten langileek. Italiako garapen ekonomikorako ministro Giancarlo Giorgettik kalteak saihesteko “ahal duten guztia” egingo dutela azaldu du, baina egoera “oso konplexua” dela. Fabrizio Cuscito Italiako garraio langileen federazioko idazkari nagusiak “gobernu mailako eztabaida” zabaltzeko eskatu dio administrazio publikoari: “Erantzunak eskatuko ditugu, [negoziazio] mahaietan egongo gara”.

Inbertsio publikoa

Nazionalizatutako aerolineak 1.500 milioi euroko laguntzak jasoko ditu Gobernutik, eta ez ditu Alitaliak urteotan pilatu dituen zorrak oinordetuko. Horietako asko kutxa publikotik bereganatu ditu porrot egindako konpainiak: 1.300 milioi eman dizkio Italiako estatuak, eta azken urtean, 300 milioi poltsikoratu ditu pandemiari aurre egiteko Bruselako laguntzetatik.

ITAk Alitaliak jarduteko erabili izan dituen bitarteko berdinekin hasiko du lana, baina negozioa zabaltzeko asmoa du. Momentuz, konpainiaren 52 hegazkin baliatuko dituzte (2022aren amaieran 22 izatea nahi dute, eta 2025ean, 105 inguru) eta 45 norako eskaini (2025ean, 74 izatea aurreikusi dute).

Erreparazioa Alitaliako bezeroei

Urriaren 15etik aurrera, ordea, operatzeko dena prest izango dute. Jadanik hasi dira hegaldi-txartelak saltzen, baina Alitalia konpainiaren lekua hartu arren, ez dira aerolinea horrek lehenago saldu dituen bidaien kontu egingo. Guztira 250.000 bezero daude kaltetuta.

Urriaren 15a eta gero Alitaliarekin hegaldi bat erreserbatu duten bidaiariek urriaren 14ra arte izango dute txartelak aldatzeko edo dirua itzultzea eskatzeko aukera. Data hori baino lehenagoko egun batera eraman dezakete hegaldia kostu gehigarririk gabe, norako bera mantenduz gero. Beste norako bat aukeratzen badute, prezioa aldatu egin daiteke: hegaldia garestiagoa bada, gehiago ordaindu beharko da; merkeagoa bada, diferentzia ez da bueltatuko.