argia.eus
INPRIMATU
Isurketa berria salatu du Eguzkik Oria ibaian, Lasarte-Orian
  • Hainbat arrain hilik aurkitu ditu herritar batek. Talde ekologistak uste du isurketa baten ondorio dela, eta saneamendu gabeziak salatu ditu. Abuztuan beste sei isurketa salatu ditu Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan.

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 17a
Argazkia: Eguzki.

Eguzkik jakinarazi duenez, herritar batek barbo izeneko arrain batzuk aurkitu ditu hilik Oriako ibai bazterrean, Lasarte-Oria parean, “Hipodromoko zubia eta Michelingo kirol instalakuntzen artean”. Mugimendu ekologistako kideak tokira bertaratu dira, eta hodi zehatz bat identifikatu dute isurketaren ustezko jatorritzat: “Nabarmen ikusi dugu hodi horretatik hondakin-ura dirudiena isurtzen ari zela eta ibaiaren emaria nahikoa txikia denez, ur zikin horiek ibaian barreiatu beharrean, ibai-bazterreko gune batean pilatuak zeudela”. Bere usteak zuzenak izatekotan, arazoaren iturburua saneamenduan legokeela azaldu du Eguzkik. Salatu du administrazioek ez dutela beharrezko arreta jartzen saneamendu-lanetan, eta horien garrantzia azpimarratu dute: “Obra batzuk beharrezkoak izaten dira, baina saneamendu-lanak ezinbestekoak dira”.

Ekintzaileek larrialdi telefonora hots egin dute, eta URAko ikuskariak tokira hurbildu dira. Herritarrei dei egin diete isurketak salatzeko, Eguzkirekin harremanetan jarriz do 112 telefonora deituz.

Isurketak, ikusgarriago udan

Asteburu honetakoa Eguzkik abuztuan salatu duen zazpigarren isurketa da EAEn. Aurretik Mutrikun (Gipuzkoa), Ondarroan, Gernikan (Bizkaia), Iruña Okan, Apodakan (Araba), eta Zestoan (Gipuzkoa) jakinarazi dituzte isurketa kutsatzaileak. “Zoritxarrez uste dugu ez dela azkenekoa izango”, azaldu du Eguzkik. Talde ekologistaren arabera, hainbat enpresek udako oporraldia baliatzen dute “garbiketa” egiteko eta, bestetik, ibaien emaria txikiagoa denez, isurketa kutsatzaileak ohi baino ikusgarriak dira.