argia.eus
INPRIMATU
Zubietako isuriak txukatzeko, Spontex
  • Eskerrak norbait erne ibili zen Zubietako sarkofagoan 2022ko irailaren 6 hartan eta gutxienez agertokia pittin bat txukundu arazi zuen. Abuztuaren 18an, Errausketaren Aurkako Mugimenduak Facebooken publikatua zuen bideotxo bat erreka kutsatua erakutsiz zioena: “Arkaitzerrekako atzoko irudiak. Horrela jarraitzen du. Erakunde desberdinak uraren azterketak egiten omen ari dira baina inork ez dio ezer. Soilik entzun dugu erraustegitik ez datorrela isuria... Ja!”.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2022ko irailaren 08a
Arkaitzerreka, Zubietako erraustegiaren ondoko erreka, 2022ko irailaren 6an. (Argazkia: Errausketaren Aurkako Mugimendua)

Hamabost egun geroago, Erraustegiko zuzendaritzak Arkaitzerreka zelatatzera bidalitako peoia bulegora itzuli zenean errekak zikina jarraitzen zuela esanaz, “Me-kagon-tooh-zuh-muertoh” oihukatu zuen segurtasun arduradunak. Baina zein probintziatara bidali naute ni? Hainbeste ingeniari, LKS, Urbaser, Foru Aldundi, Kontzertu Ekonomiko, Jaurlaritza modeliko, ertzain, udaltzain, basozain eta orozain, hainbeste erabakitze eskubide… eta bi hilabetean isuri bat disimulatzeko talenturik ez. Alferrik ibili zen bati eta besteri deika. Urkullu lehendakaria txakolin probatzen ari zen, Getarian prefosta: irailaren 6an gaudela, txo, bestelako mundu bat posible dela iragarri zuen gure patroi berria ospatzen. Jose Ignacio Asensio bitterra –Cinzano, of course– hartuz Odon Elorzarekin negoziaketan-borrokan ari zen Bulebarreko garagardotegian. Markel Olano Zarauzko batzokian Joseba Egibarrekin eta Ura agentziako zuzendariarekin are txakolin hobez ospatzen Elkanoren bapore berria, zarauztarrak beti onenak. Alferrik izan zen Eneko Goia Donostiako eta Zubietako alkateari deitzea: Ertzaintzako buruarekin eta Gipuzkoako auzitegiko lehendakariarekin bide zegoen Alde Zaharreko soziedaderen batean hamaiketakoa luzatzen. Botereen banaketak horrelako betekizunak dakartza, aixkiria.

Total, Zubietako erraustegi txit moderno eta akatsik gabekoaren segurtasun arduradunak sistema artisanalez baliatu behar izan zuela. Klase guztietako agintarientzako greenwashing operazioak egiten dituen kontsultora txiki bati deitu eta honek larrialdiko ekipoa bidali zuen Arkaitzerrekaraino, Josu Jonen Petronorrek itsas portuetan petrolio isuria dagoenean kutsatzea mugatzeko erabiltzen diren hesi puzgarri hori haietakoa bat jartzera, Sysbel markakoa, txinatarra of course, bere ugazaba Urbaser den bezala. Eta errekari hesia ipintzean sortutako putzuak ur gainean metatu ditzakeen apar, orban eta krakak txurgatzeko… Spontex egokiena. Hain konplikatua ez zen Zubietako erraustegiaren garbitasuna bermatzea: egunean behin, goizero, morroia bidali Arkaitzerrekara eta honek ipini ditzala Spontex batzuk, bost, sei, zazpi Spontex txukun-txukun. Zubietako herritarren bat iritsi aurretik. Bestela inguruko jendeak kezkatu egiten dira kontrolik ezarekin.

 

Eta bitartean Erraustegi ondoan, Arkaitzerrekan, irailaren 8an...

Posted by Gipuzkoa errausgailurik gabe on Thursday, September 8, 2022