argia.eus
INPRIMATU
Garazi CastaƱo (Euskal Tsunamiaren Barraskilo Operazioan parte hartzeagatik zigortutako herritarra)
“Isunez ito nahi dituzte mugimendu eta protesta herritarrak”
  • Euskal Tsunamiak antolatu zuen Barraskilo Operazioan parte hartzeagatik Ertzaintzaren isuna jaso duen herritarretako bat da Garazi Castaño Fariñas (Altza, Donostia). 500 euroko isuna eta gidabaimenaren sei puntuko zigorra jaso ditu. Desobedientzia ekimen hartara batzeko arrazoiez, bizi izandakoaz eta isunaren ondorioez hitz egin du ARGIArekin.

Z. Oleaga @zoleaga1 2020ko otsailaren 28a
Barraskilo Operazioaren eguneko irudi bat, Behobia inguruan. Argazkia: ARGIA.

Euskal Tsunamiak deitu zuen Barraskilo Operazioan parte hartu zenuen. Zergatik?

Alde batetik, herri katalanarekiko elkartasuna adierazteko modu bat gehiago izan zen. Ilusioz begiratzen genion Kataluniari. Protesta herritar zabal eta parte hartzaileak sustatzeko eredu berria garatzen ari zen Tsunamia, tartean teknologia berriak erabiliz, eta gainera emaitza positiboak lortzen ari zen. Egun testuingurua desberdina da, baina aste haietan mobilizazio herritarraren eragite gaitasuna eta ahalmen politikoa erdigunean jartzea lortu zuten. Irudi ikusgarriak utzi zituzten protestek: Prateko deialdia datorkit burura, edo hainbat lekutatik Bartzelonara egin zituzten Askatasunaren Martxak. Herri gisa erantzuten ari ziren eta aldi berean beste arrakala bat irekitzen ari ziren Espainiako Estatuan.

Bestetik, Euskal Herrian Kataluniako olatura batzeko nahia eta beharra genituen. Hemen ere geure bide propioa irekitzeko gaitasuna eta gogoa soberan daudela erakusteko aukera izan zen Barraskilo operazioa. Hala bizi izan nuen une hartan. Ez nuen bitan pentsatu, lagunak deitu eta autoa hartu genuen.

Ehunka autok muga kolapsatu zuten arratsalde hartan. Nola bizi izan zenuen zure autotik?

Oroitzapen oso ona dut, egia esan. Giro berezia sortu zen. Tabernan elkartu ginen lagunak ordubete lehenago, eta jada urduri ginen. Barraskilo operazioak iraun bitartean ere hala izan zen. Euskal Herriko txoko askotatik etorri zen jendea, eta protesta desobedientea izateaz gain, alaia izan zen, gozagarria. Potentzialitate handia ikusi zen.

Arau hauste “oso larria” egotzi dizute: “Trafikoan arriskua sortzea”. Arriskua sortu zenuen zuk, edo sortu zuen protestak?

Protestak ez zuen arriskurik sortu, inondik inora. Are gehiago, giro alaian eta lasaian garatu zen ekimen osoa. Jarrera oldarkor eta "arriskutsurik" egon bazen, Ertzaintzarena izan zen. Mugan EH Bilduko parlamentari bati kotxeko erretrobisorea hautsi zioten, esaterako. Modu parte hartzaile eta baketsuan garatu genuen protesta, eta hori balio erantsia izan zen.

Konturatu zineten une hartan isuna jarri edo datuak hartu zizkizuetela?

Gureaz gain beste auto asko gelditu eta identifikatu zuten ertzainek. Ez ziguten azaldu zeintzuk izango ziren ondorioak. Egindakoaren "larritasuna" azpimarratu ziguten eta protesta bera kritikatu zuten, modu probokatzailean eta paternalistan gainera, baina datuak hartu eta minutu batzuetara bidea jarraitzen utzi ziguten.

500 euro eta sei puntu. Isun gogorra da. Zer gorputzaldirekin geratu zara?

Trafiko isunaz harago, horren atzean dagoen erabaki politikoa baloratu behar da: isunez ito nahi dituzte mugimendu eta protesta herritarrak. Hala ere, Barraskilo operazioak utzitako zapore onak garrantzia kendu dio zigorrari. Isunak isun, oroitzapen ona dugu lagunok.