7.500 euro ordaindu beharko ditu enpresak “langileen duintasunaren aurkako erasoak” direla eta. ELAk nabarmendu du “ez direla gertakari isolatuak” lan munduan.
Bi langileen duintasunari zor zaion errespetua “ez dela bermatzen” argitu du Nafarroako Lan Ikuskaritzak Burlatako Mercadonan. “Ekintza umiliagarri eta mehatxagarrien” bidez, langileen “duintasuna urratzen” duten portaerak identifikatu ditu Ikuskaritzak. Ikerketa horrek agerian utzi du koordinatzaile batek eta enpresako arduradunek bi langileen aurkako jokabideak izan zituztela. Ondorioz, Mercadonari 7.500 euroko isuna ezarri dio Nafarroako Gobernuak.
ELA sindikatuak adierazi du kasua “langileen duintasunaren aurkako erasotzat” hartu dela: “Behin eta berriz, eta haien erresistentzia psikologikoa txikitzeko, ekintza iraingarri eta larderiatsuez baliatu dira".
Ikerketak bi langileen “aurkako presioen” artean identifikatu ditu ordutegi-aldaketak, zeregin bateraezinak esleitzea, komunikatzeko debekua, deskalifikazioak eta mehatxuak. Langileek (horietako bat ELAko ordezkari sindikala) salaketa ipini ondoren ezarri zaio zigorra enpresari.
“Horrelako egoerak ez dira kasu isolatuak lan-merkatuan, egiturazkoak baizik, eta zerikusia dute kontrolik ezaren ondorioz enpresaburuek eragindako zigorgabetasunarekin”, adierazi du sindikatuak.
ELAren aldarrikapenak
Bestalde, ELAk “antzeko praktiken biktima diren langileak” animatu ditu Lan Agintaritzari jakinaraztera: “Zigor hau ez zen inoiz gertatuko langile hauek egoera salatzeko erabakia hartu izan ez balute”. Bestalde, Burlatako Mercadona aurrean elkarretaratzea egin dute "enpresaren tratua" salatzeko. Horrez gain, sindikatuak eskatu du “esku hartze publikoa handitzea” laneko jazarpenaren eta arrisku psikosozialen arloan.