Enpresa Batzordearen ustez, “langile klasea kikiltzeko” saiakera berri bat da honakoa, “zigor ekonomiko neurrigabe eta justifikaezina baliatuta”.
“Isun oldea” jasotzen ari dira Tubacexeko langileak, iaz eginiko greba mugagabea dela eta. Hala salatu du Enpresa Batzordeak ohar baten bidez.
Langileen ordezkaritzak elkartasuna helerazi nahi izan die Tubacexeko lan-gatazkan edo antzeko beste borroka batzuetan (Petronorren, PCBn, Metalaren Sektorean, Artiachen…) parte hartzeagatik auzipetuak izan diren pertsonei. Nabarmendu dutenez, kide horietako batzuei “kartzela zigorrak” eskatu dizkiete, “eta beste batzuei neurrigabeko zigor ekonomikoak ezartzen zaizkie”.
Enpresa Batzordeak salatu duenez, “bereziki mingarriak” suertatu zaizkie Laudioko Udalak jarritako isunak
Sindikatuen aburuz, “bereziki mingarriak” suertatu zaizkie Laudioko Udalak Tubacexeko langileei jarritako isunak. “Gure ustez, greba batean edo manifestazio batean parte hartzea ezin da delitua izan”, azaldu dute. Euren ustez, “langile klasearen aurkako kriminalizazio saiakera” berri hau ez da kasualitatea, “erabaki politikoa” baizik.
Enpresen alde lerrokatzea egotzi diote Eusko Jaurlaritzari, “Ertzaintza euren esku jarriz, segurtasun pribatua balitz bezala”. Lan-gatazkak “ordena publikoaren aurkako ekintza” gisa tratatzea ere deitoratu dute: “erakutsi dute haientzat manifestaziorako edo grebarako eskubidea kontrolatu beharreko ekintzak direla, ez babestu beharreko eskubideak”.
Mozal legearen erabilera ere salatu dute, bide judizial penaletik lortu ezin diren zigorrak ezartzeko baliatzen ari direla ulertuta. “Kongresuan jada indargabetuta egon beharko litzateke lege hori”.
Tubacexeko lan gatazka amaitu zenetik milaka euroko isunak jaso dituzte Tubacexeko zenbait langilek, enpresa batzordeak edota protestetan parte hartu zuten herritarrek. Horrez gain, hainbat pertsona daude auzipetuta, desordena publikoak edota autoritatearen aurkako atentatua egotzita.