argia.eus
INPRIMATU
Istripua izan da Kataluniako enpresa kimiko batean
  • Kataluniako Sima SA enpresa kimikoan istripua izan da. Leherketaren ondorioz, hodei toxikoa sortu da eta alerta egoeran aurkitzen dira Igualada, Vilanova del Cami, Odena eta Jorba herriak. Asteazkenetik ostegunerako gauean gertatu da ezbeharra eta hiru pertsona ospitalera eraman dituzte, arin zaurituta.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko otsailaren 12a
Laino toxikoa Igualadan. (Argazkia: David Regordosa).

Eztandaren ondorioz, herritarrek etxean gorde behar izan dute emergentzia egoeran. Ostegun arratsaldean emergentzia egoeratik alerta egoerara jaitsi dute arriskua eta herritarrak etxeetan isolatuta egoteko agindua altxa dute. Trafikoa ere moztuta egon den arren, dagoeneko kendu dute debeku hau ere. Haize faltak zailtzen du laino kimikoa desagertzea.

Istripuak laino toxikoa sortu du eta Vilaweb hedabideak jakinarazi duenez, produktu korrosiboa eta toxikoa den arren, ez da oso larria. Azido nitrikoa eta kloruro ferrikoa da airean dagoen produktua. Horrek, azaleko narritadurak sor ditzake Ingurugiroaren Kalitateko Zuzendaritza Orokorrak jakinarazi duenez.

Euskal Herria, kutsadura kimikoaren gune beltza

Espainiako Estatuan kutsadura kimikoaren gune beltzena Euskal Herrian kokatu zuen Greenpeace-en azterketa batek. Nafarroan, Zangotzako paper-fabrikak sufre-dioxidoa, kloro-dioxidoa, klorofenola, dioxinak edo furanoak bezalako substantzia kimiko arriskutsuak atmosferara eta ibaietara isurtzen dituela salatu zuen talde ekologistak.

Bereziki gune kutsatua da, esaterako, Hernani (Gipuzkoa), PVCa fabrikatzen duen Atofina eta kloroa ekoizten duen Electroquímica de Hernani enpresen kokaleku; edota Muskiz (Bizkaia), Petronor enpresaren kokagune.

EAEn indar handia du industria kimikoak: 8.000 enplegu zuzen ematen dituzten 300 enpresatik gora dihardute industriarako kimika, amaierako kontsumorako produktuak, oinarrizko kimika, ongarriak, plastikoaren fabrikazioa, kimika farmazeutikoa eta kautxua eta plastikoa azpisektoreetan.