Erasoek ez dute etenik martxoan Errusiako armadak bere egindako Ukraina hego-ekialdeko zentralean eta bi aldeek batak besteari leporatzen dizkiote bonbardaketak. Hondamendi nuklear bat saihesteko asmoz, hara joango da Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeko delegazioa. Egun batzuk bertan pasatzeko asmoa dute eta modu egonkorrean bertan litzatekeen ordezkaritza bat ere nahi dute lortu.
Abuztuaren 31 goizean abiatu da Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundearen misioa Zaporizhiako zentral nuklearrera, hainbat egun bertan pasatzeko intentzioarekin. "[Zeregina] hango benetako egoera ebaluatzea da, egoera ahal bezain beste egonkortzen laguntzeko", IAEAko zuzendari nagusi Mariano Grossik zehaztera eman duenaz. Modu iraunkorrean bertan egonen litzatekeen ordezkaritza bat ere lortu nahi du NBEren egiturak.
Azken asteetan berotuz doa Zaporizhian giroa, istripu nuklearraren arriskua handituz. Ukrainara sartu eta gutxira, martxoaren 4an, bere egin zuen Errusiako armadak Ukraina hego-ekialdeko zentral nuklearra –bertako langileek, ordea, Ukrainakoak izaten segitzen dute–. Orduz geroztik zentralaren inguruak dituzte gudu-zelai, eta alde batek zein besteak leporatzen dizkio besteari bertan bideraturiko bonbardaketak.
"Hondamendi nuklear baten benetako arriskua" dagoela argi utzi du Grossik. Orotara, Ukrainan diren hamabost erreaktoreetatik sei dira Zaporizhiako zentralean. Arriskua benetako bihurtu zen abuztuaren 25ean, sute baten ondorioz erreaktoreak osoki deskonektatu zituztelako, instalazio nuklearraren historian lehen aldiz erabat itzaliz zentral nuklearra –biharamunean berriz piztu zuten–. Zentral nuklear batek ezinbestekoa duen hozte-sistema etengabea gelditu behar izan zuten beraz, istripu baten arriskua handituz. Horrez gain, Energoatom konpainiak abuztuaren 27an jakitera eman zuen "hidrogeno isurketak eta substantzia erradioaktiboen haustutzeak" gertatu izana, "sute arrisku handiak" eraginez.
Abuztuaren hastapenean eman zion Errusiak bertaratzeko baimena IAEAri. Hain zuzen, abuztuaren 5ean hasi zituzten zentralaren eremuan bonbardaketak, eta hori kontrolatu nahian luzatu zuen bertaratzeko eskaera NBEren egiturak. Orduz geroztik aritu dira misioa antolatzen, misioa bideratuko dutenen segurtasuna bermatuz.
1.000 megawatteko sei erreaktoreekin Europako zentralik handiena da gudu-zelai bihurturiko Zaporizhiako zentrala. "Hondamendi nuklearrak ez luke ekarriko Txernobyleko 4. erreaktorearen antzeko deskarga erradioaktiboko mekanismorik. (…) Hala ere, serioski irudikatu dezakegu Fukushiman gertaturikoa bagenukeela", dio Bruno Chareyron Criirad Erradioaktibitateari buruzko Ikerketa eta Informazio Batzorde Independenteko laborategiko zuzendariak.
Ukrainan kokaturiko Txernobyleko zentralean gertatu zen istripu larria 1985ean. Gaur egun, Txernobylekoaz –azken erreaktorea 2000an itxi zuten– eta Zaporizhiakoaz gain, Rivnen eta Khmelnitskin dira zentral ukrainarrak.