argia.eus
INPRIMATU
Istorio faltsuak albiste: hedabideek egiaztapenean kale egin duten kasuen zerrenda
  • 2016an sartu berri garela, iragan urtean sare sozialetan izan ziren istorio faltsu esanguratsuenak bildu dituzte hainbat hedabidek. Horietako bat da Media.cat ataria, hedabideetaraino iritsi diren albiste faltsuen zerrenda egin duena. Bertan adierazten denez, teorian medioek informazioa egiaztatzeko mekanismoak dituzte, baina artikuluan zerrendatzen diren kasuek eta bestelakoek hori ezbaian jartzen dute. Hemen dituzue albiste faltsu horietako batzuk:

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2016ko urtarrilaren 04a

1.- Apirilean lurrikara batek Nepal suntsitu zuen. Sarraskiaren irudiak dozenaka hedatu ziren, tartean lurrikararen ustezko biktima izan ziren bi ume besarkatuta agertzen direnekoa. Irudi honek arrakasta itzela izan zuen sare sozialetan, eta hainbat komunikabidetara ere iritsi zen. Alabaina, argazkia ez zen Nepalen atera, Vietnamgo herrixka batean baizik, 2007an.

2.- Publizitate muntaia bat, hedabide askorentzat albiste. Oihartzun handia izan zuen emaztearengandik dibortziatu ostean bere ondasun guztiak erdibitu zituen gizon alemaniarraren kasuak. Dibortziatu ostean bere ondasunen erdia bere bikotekide ohiari ematea agintzen zion sententzia judiziala ezagututakoan hartu ei zuen erabakia. Egiaz istorioa publizitate muntaia baino ez zen, baina komunikabide askotan albiste lez agertu zen. Behin egia ezagutu ondotik, ez zuten ez zuzendu ezta webgunetik ezabatu ere; areago, batzuek benetako istorioa jakin ostean publikatu zuten.

3.- Bizarrek komunek bezainbesteko bakteria kopurua ei dute. Hala jaso zuen ABCk, ustezko ikerketa batean oinarrituz. Haatik, ikerketa hori ez zen benetakoa. Albisteak zientifikoak ez diren, edo zuzenean asmaturikoak diren ikerketetan oinarritzea geroz eta usuago ikusten den jokamoldea da.

4.- Hainbat hedabidek argitaratu dutenez, Estatu Islamikoa  soldaduekin sexu harremanak izateko emakumeak ari da jasotzen. Emakume hauek boluntarioak lirateke, eta ehunka militarrekin harremanak izatea onartuko lukete. Ordea, badaude praktika horren egiazkotasuna zalantzan jartzen duten argudioak. Horri lotuta, talde integrista honen inguruko albiste asmatuen zerrenda osatu du Fair atariak.

5.- Ipar Koreako Defentsa ministroaren  berragertze publikoak ahoa bete hortz utzi zuen bat baino gehiago. Izan ere, exekutatu egin zutela zabaldu zen. Hedabideek sarritan ematen dute exekuzioen berri horiek baieztatzen dituen iturri fidagarririk izan gabe.

6.- Gezurra egi bihurtu den kasurik ere bada. The Onion umore agerkariak argitaratutako albistea kasu. Atari honen arabera, AEBk misil kargamentu bat oparituko zion Israeli, Iranekin erdietsitako akordio nuklearraren karietara. Biharamunean, baina, Obamak eskaintza hori egina zuela baieztatu zen. Kasu honetan, ABCk soilik gezurtapena argitaratu zuen.