argia.eus
INPRIMATU
Istiluen kontrako polizia unitatean sortu zen Ertzainak Borrokan mugimendua, hainbat hedabideren arabera
  • Euspel sindikatuak jarraitzen du Ertzainak Borrokan mugimenduaren alde egiten, eta gainontzeko hirurek, ErNE, Esan eta Sipek, "mehatxuak, irainak eta bortxa saiakerak" salatu dituzte ostiralean plataforma ez babestea erabakitzeagatik. Ordura arte, ordea, denak elkarrekin zihoazen.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko ekainaren 12a
Frantziako Tourra Bilbotik irten atariko enegarren ekitaldian, protesta egin dute San Mamesen.

Hainbat hedabidek jakitera eman dutenez, istiluen kontrako ertzain unitatean zabaldu zuten "kritikoen" arteko Whatsapp taldea izan daiteke Ertzainak Borrokan taldearen sorburua. Besteak beste, El Correo-k eta Gara-k jaso dute informazioa. Bien arabera, Sipe sindikatuko kideak ere badaude taldea sortzearen atzean –Jusapol elkartera lotuta dago Sipe; Vox alderdiaren orbitakoa da–. Sipe sindikatuak %11ko ordezkaritza du Ertzaintzan.

El Correo-ren arabera, Ertzaintzaren barneko iturriak aipatuta, Bizkaiko metaleko langileek azaroan egindako protestetan dago "gatazka indartzearen oinarria". Istiluen aurkako polizia unitateko kide "askok" uko egin zioten lanera joateari, eta goi-zuzendaritzak, azken orduan, "herri mailako ertzainekin" osatu behar izan zuen taldea. Hau guztia kontuan hartuta, ertzainek ez dutela greba egiteko eskubiderik. Aipatutako hedabidearen arabera, "hor ikusi zuten eragiteko gaitasun handia dutela".

Sipe sindikatuaren aldarrikapen ezaguna da erkidegoetako Polizien soldata bateratzea, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren kasuan, udalerri batzuetako poliziek gehiago kobratzen dutelakoan, parekatzea da haien eskaera. Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, antzinakotasunik gabeko ertzainaren oinarrizko soldata 2.040 eurokoa da, plusak, dietak eta bestelako ordainsariak kanpo utzita.

Erne, Esan eta Sipe: "Totalitarioak dira"

Euspel ez ezik, gainontzeko sindikatuak jaitsi egin dira ontzitik.

Gogor mintzatu dira Ertzainak Borrokan plataformako kideen aurka, ostiralean sindikatu guztiek egindako bileraren ostean: "Talde horretan dauden pertsonak totalitarioak dira. Ez ditugu jarrera horiek onartuko". Besteak beste, mehatxuak eta irainak jasan dituztela salatu dute.

Ertzaintzak "etxe barruan ditu arazoak", Ertzaintzako buruaren arabera

Arkautiko ekitaldi batean, duela astebete, Gasteizko Legebiltzarraren atarian gertatu zenaren ondotik, gogor hitz egin zuen Josu Bujanda Ertzaintzako buruak. Lehen, iraganean, "arazoa kanpoan" zeukatela azaldu zuen Bujandak, "zipaios" eta antzerakoak esanez iraintzen zitzaielako. Orain, ordea, "arriskua barruan" daukatela iradoki zuen: "Lehen, gure polizia eredua aldatzeko arrisku hura kanpotik zetorren. Orain etxe barruan daukagu eta argi ibili behar gara, gure polizia eredua mantendu nahi badugu".

Urkullu lehendakariak, bestalde, inongo momentuan ika-mikak piztu dituen ertzain taldea aipatu gabe, zera oroitarazi zuen: "Ertzain izatearen arrazoiak aldatu al dira azken urteotan? Sentimenduak, balioak... aldatu dira? (...) Badira gaur egun ere bete beharrekoak: konpromisoa, profesionaltasuna eta errespetua. Ertzaintzaren nahitaezko hiru ezaugarri dira horiek, nabarmendu nahi ditudanak. Izan ere, horiek betetzen ez badira, erakunde honek, Ertzaintzak, nekez beteko du gizarte honek ezarri dion helburua: herritarren segurtasuna bermatzea".