argia.eus
INPRIMATU
Istiluen aurkako Mossoen buruak kargua utzi du, azaroaren 14ari buruzko txosten bat ezkutatzeagatik
  • Sergi Pla Istiluen aurkako Mossoen buruak, A-14ko grebari buruzko txosten polizial bat ezkutatu zuela-eta dimisioa aurkeztu du. Jakin berri denez, Felip Puig Kataluniako barne sailburuak ere intentzio bera zuen Masek karguan berrezarri aurretik.

Josu Urtubia @otxua 2012ko abenduaren 14a
Sergi Plak bere kargua utziko du.

Ezkutatutako txostenak garrantzirik ez zuela pentsatu zuela argudiatu du Plak. Dokumentu horrek azaltzen du, azaroaren 14ko greba orokorraren aurreko egunean Ester Quintana bartzelonarrak begia galdu zuen toki berean Mossoek tiro egin zutela.

Atzo Felip Puigek Parlamentuko diputazio iraunkorrean talde politikoei jakinarazi zien Plaren kargu uzte proposamena onartu zuela. Puigek berak ere dimisioa aurkeztu zuen duela zenbait egun baina, Vilawebek dioenez, Artur Masek ez zuen onartu proposamena eta karguan berrezarri zuen.

Ester Quintanak begia galdu ostean, Felip Puigek gezurtatu egin zuen Quintana zegoen lekuan Mossoek tiro egin zutenik. Handik egun batzutara ordea, bideo batek erakutsi zuen nola Mossoek gomazko pilotak jaurti zituzten.