argia.eus
INPRIMATU
Istiluekin amaitu da AHTren aurkako bizikleta martxa Gasteizen
  • Larunbatean amaitu da AHTren aurkako hirugarren “bizikleta martxa desobeditzailea” Gasteizen. Hiri barruko ibilbidean, hiru pertsona identifikatu eta martxako kideen aurka oldartu da Udaltzaingoa, neska bat zaurituz. 

Garazi Zabaleta 2015eko abuztuaren 03a
Polizien "neurrigabeko bortizkeria" salatu dute bizikleta martxako kideek (argazkia: @MugituMugimendu)

Gaztetxetik abiatzera zihoazela, AHTk “larru gorritan uzten gaituela” salatzeko biluztu egin dira parte-hartzaileak. Segituan bertaratu da Udaltzaingoa, eta arropak jantzi ezean identifikatu egingo zituztela ohartarazi die txirrindulariei. Tarte batez eztabaida izan ondoren, ibilbidearekin jarraitu ahal izateko janztea erabaki dute parte-hartzaileek.

Abiatu eta berehala, istiluen aurkako Ertzaintzaren hiru furgonetak atzetik jarraitu du martxa. Bakea etorbidean, bi udaltzain sartu dira taldearen erdira biluzik zihoan gizon bat identifikatzeko. Parte-hartzaileen protesten aurka udaltzaingoa bultzaka hasi eta borra luzagarriekin eraso egin diete. Emakume bat esku eta hanketan zauritu dute.

Tren geltokira iristean, alboetako kaleak itxi eta martxa geldiarazi dute berriz Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren artean. Beste bi pertsona identifikatu ditu Udaltzaingoak mehatxu egitea eta istiluak sortzea leporatuta.

Martxako parte-hartzaileek polizien “neurrigabeko bortizkeria” salatu dute, giro alai eta baketsuan egindako ekimenaren aurka. “Gorputz biluziak manifestazio bat eteteko aitzakia izatea” sinestezina dela adierazi dute zabaldutako idatzian

Zortzi egunez AHTren aurkako mezua zabaltzen

Nafarroan hasi eta Arabako hiriburuan amaitu den martxak herri eta bailara ugari zeharkatu ditu AHTren aurkako aldarria zabaltzen. Bidean, ingurumenaren eta bestelako jendarte ereduaren aldeko mugimenduekin elkartu dira, eta era askotako ekitaldiak antolatu dituzte.

Ekinklik
argazkiak: Ekinklik