Astelehenean Ukrainako Parlamentuak boterearen deszentralizazioa ekarriko duen Konstituzioaren erreforma proiektua baietsi du. Polizia eta manifestarien arteko istilu larrietan polizia bat hil da eta gutxienez beste 120 zauritu dira.
Parlamentu barruan eztabaida gogorrak izan ziren eta eskuin muturreko alderdiak bozketa galarazten saiatu ziren.
Kieven jazo diren gertakarien harira, Serguéi Lavrov, Errusiako atzerri ministroak esan du istiluak Svoboda alderdi neonaziko kideek sortu dituztela, RT komunikabide Errusiarrak jaso duenez.
Lavrovek gaineratu du ere “konstituzio erreforma honek aparteko estatusa” behar duela Ukrainako Donbaseko eskualdearentzat.
Erreformak hiru mailatako tokiko boterea aurreikusten du: eskualde, distritu eta komunitateetakoa. Ondorioz, komunitateek eskumen gehiago izango dute.
Petro Poroshenko Ukrainako presidentearen bozeramailearen esanetan, Ukrainako Donetsk eta Luganskeko eskualdeak ez dira legearen barnean sartzen. Lurralde hauen egoera beste lege batek arautuko duela esan zuen bozeramaileak.
Legeak Minskeko akordioak urratzen ditu
Erreforma honek Errusiako eta Ukrainako gobernuek 2015eko otsailean sinatu zituzten Minskeko akordioak urratzen dituela salatu dute, parlamentuan ez baita Donetsk eta Luganskeko ordezkapenik izan.
Minskeko Akordioak hamahiru puntu ditu, horien artean su etena Donbass guztian, gatazka guneko armamentu guztiaren deuseztapena eta erreforma konstituzionala.