Oraingoan Jerusalem ekialdeko 16 urteko palestinarra izan da biktima. Mendeku gisa egindako bahiketa eta hilketa izan dela esateko zantzuak daudela diote hainbat iturrik. Ordu batzuk lehenago, hiru kolono israeldarren hiletaren ostean, "arabiarrak akabatu" oihu artean kalera atera ziren ehunka lagun asteartean. Gorroto eta mendeku giroa oraindik ez da apaldu Palestinako hiriburuan.
Hilik aurikitu duten palestinarra
Muhammad Hussein Abu Khdeir da hilik topatu duten palestinarra. Jerusalemgo Shufat auzoko bizilaguna zen eta hiritik gertu dagoen Givat Shaul basoan aurkitu dute. Agentziek zabaldu dutenez, hainbat laguneko talde batek Abu Khdeir etxe aurrean indarrez nola harrapatzen duten erakusten dute poliziaren zaintza kamerek. Hilketa honek palestinarren sumina piztu du eta protestek ez dute etenik izan Palestinako hainbat hiritan. Jerusalemen gehien bat, istilu larriak izan dira Israelgo polizia eta manifestarien artean. Asteazkenean 170 zauritu artatu behar izan dituzte zerbitzu medikuek Israelgo poliziak eragindako zauriengatik.
Gertakari horren aurretik, Jerusalem hiriko beste gune batean hiru gazte israeldarren hileta ofizialak egin dituzte. Ekitaldia amaitzean, 200 israeldar inguruk hiriko kaleak zeharkatu zituzten "arabiarrak akabatu" oihuen artean. Israelgo poliziaren arabera palestinarraren hilketak eta hiru kolonoen hiletaren ostean egindako manifestazioak ez dute inolako loturarik.
Palestinako Agintearen erantzuna
Palestinako presidente Mahmud Abbasek eskatu dio Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuri hilketa gaitzesteko eta erasoekin eta kaos egoerarekin amaitzeko neurriak har ditzala. Palestinar Agintearen eledun Nabil Abu Rudeinak adierazi duenez “Israel da nerabearen hilketaren erruduna eta exijitzen diogu hiltzaileak aurkitu eta justiziaren aurrera eraman ditzatela".