argia.eus
INPRIMATU
Istiluak izan dira Parisen, lan erreformaren aurkako manifestazioan
  • Astelehenean, “graduatuen laneratzea errazteko” 500 milioi euroko plana iragarri zuen Manuel Valls Frantziako lehen ministroak. Ez da aski izan ordea. Lan-erreformaren aurkako protestek bizirik diraute Frantziako Estatuan.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko apirilaren 14a

Poliziaren presentzia oso handia izan da manifestazio guztian. Parisko Errepublika Plazan hasi dira manifestarien eta polizien arteko istiluak. Poliziek gas negar-eragilea bota diete manifestariei, eta lau lagun atxilotu dituzte, Le Monderen arabera.

Ikasleen Koordinazio Nazionalak (CNE) –68 unibertsitate eta instituzio ordezkatzen ditu–,  deitu du mobilizazioa,  eta UNEF sindikatuak ere bat egin du deialdiarekin. UNEF izan da orain arteko mobilizazioen bultzatzailerik handienetakoa.

Jarraian dituzue Errepublika Plazako gertakariak erakusten dituzten hainbat txio:

 

Parisez gain, Nantesen ere protesta egin dute ikasleek eta sindikatuek. Pertsona bat atxilotu du poliziak, hainbat iturriren arabera. @lepicrouge erablitzaileak egin du manifestazioaren jarraipena.

#loitravail eta #Manif14Avril traolak erabiltzen ari dira mobilizazioen beri emateko.

 

FN: "Nuit Debout" mugimendua desegin behar da

Fronte Nazionalak eskatu du Nuit Debout mugimendua desegiteko, Liberation egunkariak jaso duenez. “Parisko istiluen zentrotzat jo du” martxoaren 31z geroztik okupatuta dagoen Errepublika Plaza.

“Muturreko ezkerrekoen, eta pribilegioak dituzten langileen diskurtsoa dago bertan”, adierazi du  Ile-de-France eskualdeko Fronte Nazionaleko presidente Wallerand Saint-Just-ek.

Gobernuari deia egin dio “erantzukizunez” joka dezan: “Indarkeria iturri bihurtzen ari dira Parisko kaleak, eta mugimenduak desegin egin behar du. Manifestariak atxilotu egin behar dituzte, eta epailearen esku utzi”, gehitu du.