“11 urte ditut, palestinarra naiz, Nabi Saleh herrian bizi naiz eta munduko kazetaririk gazteena naiz” esanez aurkeztu ohi du bere burua Janna Jihad Tamimik (AEB, 2006). Zazpi urte zituelarik hasi zen okupazioaren karietara herrian gertatzen ziren atxiloketa, hilketa eta istilu guztien berri zabaltzen sare sozialen bitartez. Tarteka bere adinari dagokion moduan eta tarteka heldu baten eran mintzatzen den neskatoa pertsona arriskutsu eta mehatxu gisa izendatu du Mosad Israelgo Inteligentzia Agentziak.
Zure kabuz hasi zinen honetan ala norbaitek bultzatuta?
Nire ideia izan zen. Orduan ez zen kazetari bakar bat ere hurbiltzen gure herrira, hemen gertatzen zena ixilpean geratzen zen, ezintasuna sentitzen nuen, Nabi Salehko umeok bizi genuena erakutsi nahi nion munduari.
Nolakoa gogoratzen duzu haurtzaroa?
Umea naiz oraindik! –barrez–. Baina, txikiagoa nintzenean, istiluak entzuten nituenean korrika mahai azpian ezkutatzen nintzen. Orain sakelako telefonoa hartu eta kalera irteten naiz dena grabatzera.
Eta gai al zinen egoera ulertzeko? Ba al zenekien nor zinen zu eta nor haiek?
Bai, noski. 0 urte nituenetik hazi izan naiz giro honetan, eta etxean beti entzun ditut helduak okupazioari buruz hizketan. Mustafa nire laguna lau urte nituenean hil zuten...
Orain makina bat kazetari pasatzen gara Nabi Salehtik.
Inoiz ez da nahikoa, hemen egunero gertatzen delako zerbait eta familia bakoitzak historia mingarri asko duelako kontatzeko. Ezinezkoa da okupazioa bertatik bertara bizi dugunon begirada bera izatea kazetari atzerritarrek baina, hala ere, oro har, lan nahiko ona egiten duzue.
Etorkizunaz pentsatuta, baikorra al zara?
Bai, plan asko ditut! Lehenik eta behin, Palestina askearekin amesten dut. Niri dagokidanez, Zientzia Politikoak ikastea gustatuko litzaidake. Kazetaria ere izan nahiko nuke, munduko beste ume batzuen arazoen berri emateko. Hirugarrenik, palestinar jantzi tradizionalak diseinatzea gustatuko litzaidake. Artista ere izan nahi dut haurrei indarkeriaren ondoriozko traumak marrazkien bitartez kudeatzen laguntzeko. Eta, azkenik, Bartzelona futbol taldeko jokalaria izango naiz!
Informazioa zabaltzeaz aparte, zein beste modutan sortzen duzu erresistentzia?
Era askotan egin daiteke! Palestinaren alde abes dezakezu, dantza tradizionalak ikasi, manifestaldietan parte hartu... gure etxeetan bizitzen jarraitzea bera ere erresistentzia egitea da!
Palestinian teen Ahed Tamimi may spend 10 years in jail for slapping an Israeli officer. Here's the whole story as told by her cousin, the world's youngest journalist, Janna Jihad. Thanks @trtworld
The full story of Ahed Tamimi ▶️ https://t.co/8bzEj83Ey4 pic.twitter.com/IdcGSaY11W
— Janna Jihad (@JannaJihad1) January 5, 2018