argia.eus
INPRIMATU
Istilu handiak Grezian, 57 lagun hil ziren tren istripuaren bigarren urteurrenean
  • Poliziaren eta manifestarien arteko talkek atxilotu eta zauritu ugari utzi dituzte ostiralean herrialdeko hiri nagusietan. Herritarrek gertatukoaren erantzuleak zigortzea eskatu diote gobernuari, ez baita oraindik istripuaren inguruko epaiketarik ireki. Greba orokorra deitu zuten herrialdeko sindikatu handienek.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko martxoaren 03a
Greziako Parlamentuaren kanpoan gertaturiko istiluak. EFE/George Vitsaras

Greba orokorra deitu zuten ostiralean herrialdeko sindikatu handienek: sekulako babesa izan zuen deialdiak, eta protestak antolatu ziren Greziako 346 hiritan, Zuk irabaziak zenbatzen dituzu [gobernuari erreferentzia eginez], guk hildakoak lelopean. Egun horretan bi urte bete ziren 2023ko otsailaren 28an Tempe haranean bi trenek elkar jo –bata bidaiariena eta bestea merkantzia trena– eta 57 lagun hil zirenetik.

Hegaldiak eta tren zerbitzuak bertan behera gelditu ziren herrialde osoan, eta garraio publikoan eragin handiak izan zituen 24 orduko grebak. Greziako hiri handienetan denda asko itxita egon ziren egun osoan zehar. Poliziaren arabera, 300.000 herritar inguru bildu ziren Atenasen eginiko manifestazioan, eta 800.000 antolatzaileen arabera.

Hasieran modu baketsuan igaro baziren ere, une batetik aurrera Poliziaren eta manifestarien arteko istiluak piztu ziren kaleetan. Sare sozialetan argitaratu diren hainbat bideotan ikus daitekenez, hainbat pertsona molotov koktelak jaurtitzen hasi ziren agenteei eta Greziako Parlamentura sartzen saiatu ziren. Atenasen bakarrik bost pertsona zauritu eta 80 atxilo eraman zituzten, Poliziak emandako datuen arabera.

Gobernuaren erantzukizuna

Istripuaren bigarren urteurrenaren aurreko egunean, Aireko eta Trenbideetako Isripuak Ikertzeko Agintaritza Nazionalak ezbeharra trenbide sarearen "segurtasun hutsuneek" eragin zutela azaldu zuen, eta oraindik konpondu gabe daudela arazo horiek. Agintariek, esaterako, ez zituzten publiko egin zaintza kameren grabazioak, ez zuten gorpuen autopsiarik egin eta manifestariek leporatu diete istripuaren frogak "ezkutatu" zituztela, ezbeharraren hondakinak berehala kendu baitzituzten.

Oposizioko alderdiek Greziako Gobernuaren buruan dagoen ND Demokrazia Berriari istripuaren arrazoiak "ezkutatzea" leporatu diote. Hurrengo asteazkenean Kyriakos Mitsotakis lehen ministroaren aurkako zentsura mozio bat aurkeztuko du Pasok Alderdi Sozialista Panheleniarreko presidente Nikos Andrulakisek.


Portadako irudia: al Jazeera