Polizia eta protestarien arteko istiluak izan dira bart Sao Paulon, garraiobide publikoen prezioaren %7ko igoera salatzeko egindako laugarren manifestazioan. 5.000 manifestari bildu ziren hiriaren erdigunean. 150 lagun atxilotu ditu poliziak, antolatzaileen arabera.
Iturri polizialek diotenez, manifestariek molotov leherkariak eta harriak jaurti dituzte. Poliziak aldiz, negar-gasak eta gomazko pilotak erabili ditu. Folha de Sao Paulo hedabidearen arabera zazpi kazetari daude zaurituen artean.
Fernando Haddad Sao Pauloko alkateak aitortu duenez: “Astearteko liskarretan protestarien indarkeria nagusi izan bazen, oraingoan gelditu zaigun irudia indarkeria polizialarena da”. Hala ere, ez du neurria indargabetzeko asmorik, “garraiobideen prezioen igoera inflazioa baino txikiagoa izan baita”.
Ez da ohiko erabiltzaileentzat beherapenik Brasilgo garraiobide publikoetan. Sao Paulon egunero autobusean joan-etorria egiteak gutxieneko soldataren herena balio du ia.
Sao Paulon ez ezik, Brasilgo beste hainbat hiritan ere izan dira liskarrak, Rio de Janeiron eta Porto Alegren besteak beste.