argia.eus
INPRIMATU
Istiluak berriro Turkian, Gezi parkea irekitzearekin batera
  • Istanbulgo Gezi parkea ireki dute astelehenen goizean, hiru astez segurtasun indarren kontrolpean egon eta gero. Ordu batzuk beranduago, berriro ixtea erabaki du Gobernuak, bertaratutako manifestariak kanporatzearekin batera. Ur kanoiak, gomazko balak eta negar-gasak erabili ditu poliziak.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko uztailaren 09a
Turkiako polizia negar-gasa erabiliz Taksim plazatik gertu (Argazkia: EFE/Tolga Bozoglu)

Turkiako Gobernuaren kontrako mugimenduen erdigune bihurtu den parkea larunbatean irekitzekoa zen, baina Taksim Elkartasuna plataformak bertan batzeko deialdia egin zuela ikusita, atzeratu egin zuen Istanbulgo Gobernadoreak.

Ekaina hasieran, Gezi parkea okupatu zuten milaka pertsonek, Gobernuak bertan eraiki nahi duen merkatalgunearen aurka protesta egiteko. Hamabost egunez iraun zuten bertan, indarkeria erabiliz kanporatu zituzten arte. Gutxienez lau protestari hil zituen poliziak. Istiluak Turkia osoan zabaldu ziren.

El Pais-ek elkarrizketatu duen Umat Kara gaztearen arabera, manifestariek ez dute berriro kanpatuko. “Gezin irabazi dugu jada, baina Gobernuko erregimen faxistaren aurkako protestan jarraituko dugu”.

Pasa den astean, Erdogan Lehen Ministroaren planak oztopatzen dituen bi erabaki judizial hartu zituzten Istanbuglo tribunalek: batek Taksim plaza eta Gezi parkearen peatonalizazioa bertan behera utzi du; besteak merkatalgunea eraikitzeko lanak geldiarazi ditu, oraindik egiteko dauden epaiak amaitu arte.