argia.eus
INPRIMATU
Istiluak berpiztu dira Kanaky uharteetan, independentziaren aldeko zazpi buruzagi Frantziara preso bidali ostean
  • Asteazkenean, ekainaren 19an, atxilotu zituzten eta Frantziako espetxeetara bidali dituzte asteburuan. Maiatzean izandako istiluetan bortizkeria ekintzak antolatzea leporatzen diete.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko ekainaren 25
Argazkia: tve.es

Kanaky uharteetan istiluak izan dira berriz ere, independentziaren aldeko zazpi buruzagi atxilotu eta larunbat gauean, ekainaren 22an, Frantziara bidali ondoren. Asteazkenean, ekainaren 19an, atxilotu zituzten buruzagiak maiatzean izandako altxamenduaren buru izatea leporatuta, eta kanakek ez dute onartu erabaki hori. Protestak gehienbat Dumbean eta Noumeako iparraldean izan dira, Nouvelle Calédonie la Première informazio kanalak adierazi duenez.

Maiatzean Frantziako Gobernuak hauteskunde erroldari buruzko legearen erreforma-proiektua proposatu zuen. Kanaky uharteetara azken urteetan iritsi direnei bozkatzeko aukera gehiago ematen zien proiektu berriak. Kanaken haserrea piztu zuen legeak, errolda horren eguneratzeak kanaken pisua gutxitzeaz gain, 1998ko Noumeako Bake Akordioen muinaren errespetu-eza zekarrela iritzita. Azkenean, eta maiatzeko protesten ostean, Macronek bertan behera utzi zuen proiektua ekainean.

Zazpi atxilotuen artean Christian Tein dago, Tokiko Ekintzak Koordinatzeko Zelularen burua, Swissinforen arabera. Beste atxilotuak mugimendu horren kideak dira, eta frantziar agintariek erakunde horri egozten diote maiatzeko istiluen erantzukizuna, bederatzi hildako, ehunka eraikinen sutea eta mila milioi euro baino gehiagoko kalteak eragin dituztenak.