Istilu larriak izan dira AEBetako Baltimore hirian Freddie Gray izeneko herritar afroamerikarra poliziaren zaintzapean egon ostean hil delako. Milaka pertsona izan dira hileta elizkizunean, eta ondoren istilu larriak izan dira. AEBetako Guardia Nazionala atera dute protestak baretzera. 200 atxilotutik gora egunotan.
Gray poliziak atxilotu eta astebetera hil zen, apirilaren 19an. Bere familiak esan zuenez, bizkar hezurra lepoan %80an kaltetuta zeukan eat hiru bertebra hautsi zizkioten. Wikipedian jaso dutenez, laban bat gainean eramateagatik atxilotu zuten.
Poliziak adierazi du atxiloketa "indarkeriarik gabe" izan zela, baina bi lekukok kontrako kontakizuna egiten dute: sei polizia agentek atxilotu zutela Gray diote, kolpatu eta lurretik arrastaka eraman zutela.
Afrikar amerikar honen heriotzagatik sei agenteok behin behinean inabilitatu badituzte ere, ez dute errudunik identifikatu eta legeak ez du inor zigortu.
Grayren heriotzagatik bi astez protesta baketsuak egin ostean, astelehenetik aurrera istiluak izan dira, herrialdeko eta nazioarteko hedabideen arreta deituz. Ikasleek poliziari harriak bota zizkiotela irakur daiteke kronika gehienetan, eta ondoren hirian komertzio handietan lapurretak eta txikizioak izan ziren. Gau hartan, auto ugari eta eraikin bat erre zituzten manifestariek.
Barack Obama presidenteak adierazi du "aitzakiarik ez" dagoela dendetan lapurreta egiteko, eta esan du ziur dagoela AEBek krisia daukateka poliziarekin, batez ere erakunde honek beltzen komunitatearekin duen harremanagatik.
Maryland estatuko gobernadore Larry Hoganek salbuespen egoera ezarri du eta astelehenetik Guardia Nazionalak hiria hartu du.
Nabarmentzekoa da, Baltimore Washington hiriburutik 60 kilometrotara baino ez dagoela.
Behean hainbat bideo ikusgai.
Herritarrak hiria konpondu eta garbitzen aritu dira auzolanean.
AEBetan tentsioa igotzen ari da poliziak hildako herritar afroamerikarren kasuak azaleratu ahala. Kalkulatu dutenez, herrialdeko poliziak 2.500 pertsonatik gora hil ditu 2011tik hona. Fergusongoaren ostean, bigarren aldia da sei hilabetetan protestak baretzeko Guardia Nazionala ateratzen duela Gobernuak.
"'Baltimoreko istiluak' (Baltimore riots) deitzen badiozu, arazoaren parte zara. Hau 'Baltimoreko altxaldia' da (Baltimore uprising)", edo "Ez galdetu zergatik erabiltzen duen gazteriak biolentzia bere mezua zabaltzeko, galdetu zeure buruari horrela ez bada zergatik ez diezun kasurik egiten". Goiko mezu horiek zabaltzen ari dira aldaketa politikoa eskatzen duten Occupy Wall Street gisako mugimendu zibilak.
Twitterren jarioa: