argia.eus
INPRIMATU
Istilu gogorrak Parisen lan erreformaren aurka orain arteko manifestaziorik jendetsuenean
  • CGT Frantziako sindikatu nagusiak deituriko manifestazioak milaka lagun bildu zituen atzo Parisen, lan erreformaren aurka. Manifestarien eta Poliziaren artean liskarrak sortu eta 26 lagun zauritu ziren eta 15 atxilotu. Frantziako Estatuko hiri nagusietan ere kalera atera ziren, Tolosan eta Marseillan, esaterako. Ipar Euskal Herrian Miarritzeko ordainlekua blokeatu zuten, Hendaiarako noranzkoan.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko ekainaren 15

Askok lan erreformaren aurkako protestak amaitutzat jotzen bazituzten ere, astearteko manifestazioak ez dela horrela erakutsi du. Milioi bat lagunek (80.000 Poliziaren arabera) Parisko kaleak bete zituzten François Hollanderen gobernuak ezarri nahi duen lan erreformaren aurkako protestan.

Martxoan hasi ziren manifestazioak eta geroztik izan den jendetsuena izan zen Pariskoa. Berriak azaldu du manifestarien zati batek aurrera egin zuela arazorik gabe (sindikatuetako kideen gehiengoa zegoen bertan) baina beste batzuek istiluak izan zituztela Poliziarekin. Negarra eragiteko gasa eta ura botatzen duen kanoia erabili zituzten segurtasun indarrek. Hiriko hainbat tokitan ikusi ziren irudi gogorrak.  

Aurreikusita dago Myriam El Khomri Lan ministroa eta CGTko idazkari nagusi Phillippe Martinez ekainaren 17an biltzea protestak hasi zirenetik lehenbiziz.