argia.eus
INPRIMATU
Istanbulgo atentatuak zalantzak sortzen jarraitzen du: zergatik leporatzen diote egiletza PKKri?
  • Sei hildako eta 81 zauritu utzi zituen azaroaren 13ko atentatuak. Turkiako Gobernuak PKK inguruko taldeei egotzi die erasoa, baina alderdiak ukatu egin du parte hartzea. Zenbaitek gobernuaren baieztapenak zalantzan jarri dituzte, eta atentzioa desbideratzen ari direla egotzi.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2022ko azaroaren 16a
Haur bat loreak eskaintzen atentatua izan zen unean. / Argazkia: Burak Kara, Getty Images.

Istanbulgo erdigunean izandako atentatuko hildakoak lurperatu berritan, erasoari buruzko galderek erantzunik gabe jarraitzen dute. Turkiako Poliziak adierazi du erruduna atxilotu duela, PYD Siriako Batasun Demokratikoko Alderdiaren aginduak jasotzen zituen emakume bat. Alderdi hori PKK Kurdistango Langile Alderdiaren afiliatutzat du Turkiako Poliziak, eta, beraz, hari egotzi dio erasoa. PKK-k, bere aldetik, ukatu egin du erasoan parte hartu izana, eta berretsi du ez duela zibilen aurkako erasorik egiten. Erasotik hiru egunera, ezer argitu barik jarraitzen dute.

Hilaren 13an, igandean, gertatu zen ezbeharra. Istanbulgo Istiklal etorbidean, hiriko erdigune komertzialeko kalerik ezagunenean izan zen. Bonba batek eztanda egin zuen, eta momentuan bertan lau pertsona hil ziren; beste bi hil ziren ospitalean. Guztira, sei hildako eta 81 zauritu utzi zituen erasoak, eta hasieratik bertatik erasoak “terrorismo” antza duela adierazi zuen Recep Tayyip Erdogan Turkiako Gobernuko presidenteak.

Terrorismoaren mamua piztu dute erasoak eta bere ostetik Poliziak zein presidenteak egindako adierazpenek. Hain zuzen ere, ustezko erasotzaileaz gain, beste 46 pertsona ere galdekatu ditu Poliziak, erasoan parte hartzerik izan zuten ikertzeko. Bestalde, Suleyman Soylu Barne ministroak gaitzetsi egin ditu talde terroristei “babesa ematen” dieten herrialdeak: AEBak, esaterako. Izan ere, AEBek Siriako kurduen miliziak babestu izan ditu herrialdeko gerran, Estatu Islamikoari aurre egiteko.

Atentzioa desbideratzeko

Herritarren artean izua zabaldu da erasoaren harira, eta poliziaren presentzia ugaritu egin da erasoa gertatutako eremuan. Baina bereziki deigarria izan da, herritarrentzat zein nazioarteko ikuskatzaileentzat, erasoaren egiletza. Turkiako Gobernuak zein Poliziak behin eta berriro baieztatu dute PKKren inguruko jendea izan dela erruduna, baina azken honek adierazi du ez duela horrekin zerikusirik, eta, gainera, ez dela beraien eraso mota; ez baitiete zibilei eraso egiten. Bertsio hori berretsi dute nazioarteko zenbait adituk, eta dudatan jarri dute gobernuaren testigantza.

Ez da lehen aldia Turkian mota honetako eraso bat dagoena; bere egiletza zalantzazkoa dena, alegia. Era berean, Erdoganen gobernua ahultzen ari dela adierazten dute inkestek, herritarren babesa ez da hain zabala, eta gutxiengo etniko eta erlijiosoen babesa eskuratu nahian ari da gobernuburua, horiek barik datorren hauteskundeetan estu ibiliko dela jakitun. Datorren ekainean izango dira hauteskundeok. Bi egoeren artean lotura egon daitekeela esaten duenik bada: PKKri leporatuz gero, Turkiako Kurdistan inbaditzea zilegi izan daiteke, eta horrekin, atentzioaren desbideraketa. Horrelakorik hausnartu du David Meseguer nazioarteko kazetaritzako adituak.