argia.eus
INPRIMATU
Israeli boikota eskatzeko, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzara kateatu dira BDZko kideak Iruñean
  • Nafarroako BDZtako bi kide kateatu dira Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzara, Iruñeko Merindadeen plazan 11:30ean. Beste 30en bat lagunek lagundu dituzte kateatuak Israeli boikota eta harekiko harreman diplomatikoak apur ditzaten eskatzeko ekimenean.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko otsailaren 23a

Taldetxoka joan dira hurbiltzen ekintzan parte hartu behar zuten Nafarroako BDZko –Boikot, Desinbertsioa eta Zigorra– kideak eta kazetari eta argazkilariak Iruñeko Merindadeen plazara. BDZtakoek uzkur ziren egoerarekin, azken asteetan bezala, nekazarien traktoreak goizean goizetik ari zirelako atzera aurrera Iruñean. Besteak beste, Volkswageneko lantegia oztopatu dute goizean. Hori dela eta, goizean goizetik Espainiako Poliziaren furgoneta batek zaintzen zuen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza eta horrek saihestu du A plana aurrera eramatea. B plana orduan.

Ekimeneko bi kide berehala kateatu dira ordezkaritzako leiho batera eta gainerakoak segidan zabaldu dira inguruan haien pankarta eta oihuekin. Sarrerako poliziak ere berehala iritsi dira, baina ez dute esku hartu. Handik hamar bat minutura joan dira kateatuengana eta askatu dituzte. Identifikatu ondoren libre utzi dituzte.

Israeli boikota eskatu dute BDZko kideek, Israelen aurkako zigorrak eta estatu sionistarekin harreman diplomatikoak haustea. Ekintzaren bidez, halaber, Espainiako Gobernua Palestinako genozidioa gelditzeko behar beste ez dela egiten ari salatu dute. "Biktimekiko dolumin hitzek ezin dute ezkutatu gobernuaren konplizitatea Madrilen. Sánchezek eta bere lagunek armak bidaltzen jarraitzen dute, eta Israelekin dituzten harreman diplomatikoak mantentzen dituzte", dio BDZk oinezkoen artean banatu duten idazkian. Salatu dute, halaber, José Manuel Albares Espainiako Gobernuko Atzerri ministroa publikoki aitortu izana Israelen lagun eta AEBen aliatua dela.

Genozidioa gelditu, eta Israeli armak ez saltzeko eta harreman diplomatikoak apurtzeko eskatzeko Espainiako Estatu osoan mobilizazioak egingo dira datorren igandean, hilaren 25ean. Iruñean manifestazioa 12:00etan aterako da Antoniuti parketik.