argia.eus
INPRIMATU
Israeli boikota egitera deitu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Nakbaren urteurrenean
  • Duela 76 urte abiatutako Nakbak martxan jarraitzen duela salatu dute hiri eta herri ugaritan. 5.500 euskal herritar inguruk egin dute bat BDZk antolatutako mobilizazioekin. Larunbatean manifestazioa izango da Iruñean, 12:30ean.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko maiatzaren 16a

Maiatzaren 15ean, Nakbaren urteurrenean, Palestinak pairatzen duen kolonizazioa salatzeko ekintzak egin dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan, BDZk deituta, Palestina askatzeko, Israeli boikota! lelopean. 1948. urtean abiatutako Nakba oroitu dute, baina ohartarazi dute ez dela iraganeko historia, gaur egun ere jarraitzen duena baizik, “okupazioarekin, kolonizazioarekin, garbiketa etnikoarekin eta apartheidarekin”. Nazioarteko instituzio eta euskal erakundeen “konplizitatea” ere salatu dute.

Iruñean manifestazio isila egin dute gauerdian, udaletxetik Nafar Legebiltzarreraino. Erdiguneko kaleak kandelekin argitu ditu ibilaldiak, Israel genozida zioen pankartak bidea zabaltzen zuela. Gazatik bidalitako poema bat irakurri eta estatu sionistarekin harreman ekonomikoak etetea exijitu dute, boikot kanpainan. Gasteizen, berriz, arratsaldean Andre Maria Zuriaren plazan egindako elkarretaratzean ehunka lagun bildu dira Nakba oroitu eta Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko. Oihu ugari entzun dira bertan, “Ez da gerra bat, genozidioa da!”, “Ibaitik itsasora Palestina gora gora!”, “Gora palestinar erresistentzia” eta “Israeli boikot!”, esaterako.

Argazkia: BDZ.

CAFen aurkako mezuak ere entzun dira Gasteizen, baita Donostian ere. Gipuzkoako hiriburuan egindako manifestazioak Israelen “konplize” diren instituzio eta enpresak seinalatu ditu, eta ibilbidean pegatinak itsatsi eta ekintza ugari egin dituzte haien kontra. Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundia seinalatu dituzte, CAF eta beste enpresa batzuekin duten harremanagatik, eta baita Ertzaintza ere, Israelgo militarrekin duen lotura salatzeko. Starbucks, McDonalds edo Burger King bezalako enpresen aurka ere jo dute, oroituz Israeli Boikot kanpainan eskatzen dela enpresa horiek baztertzeko. Bilbon 3.000 pertsona inguru bildu dira, antolatzaileen arabera, eta bertan ere konplizitate ugari salatu dituzte, hala nola Kutxabank, BBVA edo Bizkaiko Foru Aldundiarenak. Bizkaiko antolakunde eta elkarte ugari batu dira BDZk deitutako mobilizaziora.

Argazkia: BDZ.
76 urte iraun duen hondamendia

Nakba hitzak hondamendia edo sarraskia esan nahi du arabieraz. Palestinarren kasuan 1948. urtean abiatutako exodo behartuari deitzeko erabiltzen da. Maiatzaren 15ean hasita, Israelgo Estatuaren sorrera aldarrikatu eta hurrengo egunean, indarrez kanporatu zituzten beren etxeetatik 800.000 palestinar, Israelgo Estatuarentzat lurrak konkistatuz. Aurten garrantzia berezia hartu du Nakba egunak, Gazaren aurkako erasoaldien ondorioz. Azken zazpi hilabeteetan 35.000 pertsonatik gora hil ditu armada sionistak Gazan, eta 500dik gora Zisjordanian.

Euskal Herriko mobilizazioen antolatzaileek ohartarazi dutenez, “genozidioa ez dute halako elkartasun ekintzek geldituko. Ez euskal instituzioek, ez NBEak, ez Nazioarteko Zigor Auzitegiak, ez Nazioarteko Justizia Auzitegiak. Palestinarren bizitza garrantzitsuegia da haien eskuetan uzteko". Horregatik, benetan eraginkorra izango den boikot kanpainarekin bat egitera deitu zuten, “Israel desagerrarazi arte”.

Bestalde, gogorarazi zuten larunbat honetan, maiatzak 18, manifestazio nazionala deitu duela Palestinarekin Elkartasuna herri ekimenak Iruñean, eta protesta hartara batzeko dei egin dute. Autobusak antolatu dira Iruñera joateko Euskal Herriko hainbat hiri eta herritatik.

Argazkia: BDZ.