argia.eus
INPRIMATU
Israeli boikot egitearen alde agertu da Nafarroako Parlamentua
  • Palestinako okupazioa salatu du Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak azaroaren 15ean onartutako adierazpenaren bitartez. Zisjordania, Ekialdeko Jerusalem eta Gazako Zerrendatik alde egitea eskatu diote Israelgo Gobernuari, nazioarteko legediak dioen gisan.

Axier Lopez @axierL 2016ko azaroaren 16a

Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak batera aurkeztu dute adierazpena. PSNk alde bozkatu du – PSOE, estatu mailan, ez da inoiz boikotaren alde agertu –eta UPN eta PPNk kontrakoa egin dute. Babes handia jaso duen testua Nazio Batuen 242 ebazpenean oinarrituta dago. NBEren Segurtasun Kontseiluak 1967an aho batez onartu zuen 242 ebazpena, Israel okupatutako lurraldeetatik atera zedin exijituz. Hau da Israelek inpunitate osoz bete gabe jarraitzen duen NBEren ebazpenetako bat (50etik gora guztira).

Israelek, potentzia okupatzaile gisa behin eta berriz urratzen ditu nazioarteko legedia. Eta hain zuzen. Nafarroako Parlamentuak Israelgo Gobernuari hori eskatu dio, nazioarteko legea bete eta betearaz dezan, Giza Eskubideen Itun eta Hitzarmenen hainbat atal, eta bereziki Genevako IV. Hitzarmenaren I. Protokoloaren 33. Artikulua.  Lurralde okupatuetatik ateratzea gain, gobernu sionistari eskatu diote “Gazan ezarri duten blokeo anker eta gizagabeari “amaiera eman diezaioten, oinarrizko giza eskubideak errespetatuz.

Okupazioari aurre egiteko, boikota zilegi

Oinarrizko eskubideak onartu arte Israeli boikot egiteko aukerari babesa adierazi diote adierazpenean. Hala dio, “tresna zibil eta ez-bortitza izanik, Palestinarekiko elkartasuna adierazteko boikota erabiltzea eskubidea da; hala egin izan da beste kasu askotan historian, Hegoafrikako Apartheidaren aurkako borroka da adibiderik garbiena”.

ACOM elkarte sionista Nafarroako adierazpen instituzionalaren aurka agertu da, boikotak eta BDS mugimenduak antisemitismoa bultzatzen dutela diote.

 

 

Zer da Israeli Boikot ekimena?

Nazioarteko eragile eta gobernu ugarik dioten moduan, Israel palestinarren giza eskubideak sistematikoki urratzen dituen estatua da eta 2005ean Israelekin mota guztietako harremanak eteteko deia zabaldu zuten dozenaka talde palestinarrek nazioartera. Israelen aurkako boikot, desinbertsio eta zigor kanpaina iraunkorra egiteko (BDS, ingelesez) deia luzatu zuten. Hego Afrikako apartheidaren aurkako boikot kanpaina arrakastatsua eredutzat hartuz.

12 urtetan Israeli boikot egiteko deiak bide luzea egin du, baita garaipen ugari lortu ere. Baina horrekin batera, boikotaren inguruko diskurtso edo uste okerrak ere sortu dira. Edo akaso hedatu dituztela esango beharko genuke. Juduen aurkako gorrotoan oinarrituta dagoela, herri oso bat kriminalizatzeko deia dela, antisemitismoa eta gorrotoa bultzatzen dituela, besteak beste. Horren aitzakiatan Israelgo Gobernuak protesta molde horren aurkako legedia osatu du. Eta horrek eragin du Israelen erabakiak sekula ezbaian jartzen ez dituzten zenbait gobernuk ere –AEBetakoa buru– bere egitea BDZren aurkako zigorrak.

BDSk hiru eskakizun hauek biltzen ditu:

1. Lur palestinarren gaineko okupazioa eta kolonizazioa amaitu behar da, eta lotsaren harresia bota.

2. Israelen bizi diren herritar palestinarrak berdintasunean bizi behar dira, oinarrizko eskubideak aitortuta.

3. NBE Nazio Batuen Erakundearen 194. ebazpenak aitortzen duen moduan, errefuxiatu palestinarrek beren etxeetara itzultzeko duten eskubidea aitortu, bermatu eta gauzatu behar da.

Elkartasun tresna horrek Hegoafrikan emaitza ikusgarriak lortu zituen. Esaterako:

• Hainbat herrialdek Hegoafrikaren kontra bultzatutako zigor, isun eta desinbertsioek estatu haren ekonomia izugarri ahuldu eta politikoki isolatuta utzi zuten.

• Kirolariek (errugbi-jokalariak barne. Errugbia da Hegoafrikako kirol nagusia), kulturgileek, artistek… ezin zuten nazioartean aritu, Hegoafrikako estatuaren ordezkariak ziren heinean, estatu arrazista salatu ezean.

• Nazioarteko artista, kirolari eta musikari asko ez ziren Hegoafrikara joan.

Informazio gehiago:

www.bdsmovement.net

www.argia.eus/blogak/biladi-hadi/