Anonymous talde hacktibistak Israelen aurkako bigarren erasoa egin du igandean; Twiterren #OpIsrael izenez ezagutarazi dute operazioa. Taldeak dio hainbat milioi dolarreko kaltea eragin dutela; Israelek, aldiz, arazo handirik ez dela egon adierazi du.
Anonymousek larunbatean Youtuben argitaratutako bideo batean esan zuen apirilaren 7ko operazioarekin “Israel ziberespaziotik erauzi eta desagerrarazi” nahi zuela, palestinarrei emandako tratua salatzeko. “EZ diozue giza eskubideak hausteari utzi. EZ duzue su-etena errespetatu. Nazioarteko legea errespetatzen EZ duzuela erakutsi duzue”, dio bideoak estatu judutarrari zuzenduz.
Israelgo dozenaka webgune blokeaturik zeuden igande goizean, horietako bat Defentsa Ministerioarena, hacktibistek twitterren esan dutenez. 30.000 banku kontu hackeatu dituztela ere esan dute, eta kaltea 3 mila milioi eurokoa izan dela. Hala ere, estatuko iturri ofizialek arazoak handiak izan ez direla esan dute. Yitzhak Ben Yisrael gobernuko Internet departamentuko arduradunak adierazi du taldeak ez duela “herrialdeko azpiegiturak kaltetzeko adina gaitasunik”.
Hamas mugimendu palestinarreko Ihab Al-Ghussian ofizialak erasoa goretsi du. “Jainkoak bedeinka ditzala gatazka elektronikoko soldaduen esfortzuak”, idatzi du bere Facebookeko orrialdean.
Bestalde, hacker israeldarrek Anonymous taldeari erantzun nahi izan diote. Taldeak blokeatutako webgune askotan, Anonymousek idatzitako mezu anti-israeldarren ordez Israelgo estatuaren eta batez ere judutarren legitimazioa argudiatzen zuen testu bat aurki zitekeen.
Israelen aurkako bigarren operazioa
Taldeak Israelen aurka egiten duen bigarren operazioa da hau. Lehenengoa 2012ko azaroan egin zuten, soldadu israeldarrak berriz ere Gazan sartu zirela salatzeko. Eraso hartan 700 webgune blokeatzea lortu zuten, gobernuko sistema garrantzitsu batzuk tartean, Jerusalemgo bankua, Defentsa Ministerioa edota Israelgo presidentearen webgune ofiziala kasu.