argia.eus
INPRIMATU
Israelgo tropek palestinar bat hil dute Zisjordanian
  • Israelgo tropek palestinar bat hil dute Zisjordanian, emaztearekin autoan zihoala. Bi aldeek bertsio kontrajarriak eman dituzte gertatutakoari buruz. 

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko apirilaren 07a
Argazkia: ABED AL HASHLAMOUN

Israelgo tropek palestinar bat hil zuten asteartean Zisjordanian, Jerusalemdik gertu. Emaztearekin zihoan autoan eta armadaren kontrolgune batean tiroz hil zuten, baina bi aldeek bertsio kontrajarriak eman zituzten gertatutakoari buruz. Osama Mansour, 42 urteko gizon palestinarra izan da hildakoa.

Israelgo armadaren arabaera, Ramallah hegoaldeko Bir Naballahko kontrolgune bat jo zuen autoarekin eta horregatik egin zuten tiro. Mansour bertan hil zen baina emaztea zauriturik eraman zuten ospitalera, eta bertan gertatutakoa azaldu zuen: bikoteak soldaduen aginduak baino ez zituela bete eta ez zela inolako mehatxurik izan. Palestinako Agintaritzak soldaduek arrazoirik gabe tiro egin zutela ziurtatu du gertatutakoa gaitzetsiz. 

Tiroketa gertatu baina ordu batzuk lehenago militarrak herrira sartu eta zenbait etxe miatu zituztela azaldu dute zenbait testigantzetan. Ondorioz, protestak izan dira eta herritarren eta militarren artean liskarrak eragin ditu.