Breaking the Silence elkarte israeldarrak eginiko txosten batek armadako 70 soldaduren testigantzak bildu ditu. "Giza-eskubideak urratu eta eraso indiskriminatuak egin" zituztela onartu dute palestinarren aurkako azken ofentsiba militarrean.
Ejertzito israeldarraren “Margen Protect” operazioaren ondorioz lehendik gertatu gabekoa pasa da Breaking the Silence elkartearen bozeramaile Avner Gvaryahu-ren esanetan: “Orain arte soldaduen ehunka testigantza bilduta genituen baina guk aurkitzen genituelako. Oraingoan, beraiek etorri dira guregana”.
Israelgo ofizialen eta soldaduen kontakizun pertsonalekin 136 orrialdeko txostena egin dute. Gvaryahuk adierazi duenez, “batzuetan buruzagi militarrek Gazako zibilak ebakuatu zituztela esan eta mugitzen zen ororen aurka tiro egiteko agindua ematen zuten”.
Bertsio ofizialak dio zibilen segurtasuna neurtzeko puntako teknologiak eta hainbat neurri hartu zirela. Soldaduen esanetan, aldiz, “ziur aski kasu batzuetan zibilak ebakuatu eta arma adimendunak erabiliko ziren zibilei eragindako kaltea gutxitzeko, baina hori ez zen arau orokorra izan”.
Eldiario.es-ek jasotzen duenez, azken erasoaldian hildako eta zauritutako zibilen kopuruak ez zuen aurrekaririk ordura arte: hil eta zauritu palestinarren kopurua %75ekoa izan zen operazioaren ondorioz. Al Jazeeraren arabera, 2.200 palestinar baino gehiago hil ziren, ehunka zibil barne. Israelen aldetik, ordea, 67 soldadu eta sei zibil hil ziren.