argia.eus
INPRIMATU
Israelgo presondegietako torturak argira ekarri ditu The Independent komunikabideak
  • Lekukotasunak, autopsia txostenak eta atxiloaldian izenpeturiko adierazpenak bildu ditu The Independent komunikabide britainiarrak. 2023ko urriaren 7az geroztik 70 palestinarrek dute bizia galdu Israelgo presondegietan. Palestinar presoen alde dabilen Addameer elkartearen arabera, gaur egun 9.500 palestinar dira preso baldintza bortitz eta kaskarretan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko apirilaren 03a
2023ko abenduko atxiloketa masibo bat Gazan. AP

2023ko urriaren 7az geroztik, Israelgo Estatuak indarkeria sexualak "gerra estrategia gisa" sistematikoki bideratzen dituela salatu zuen martxoaren 13an Nazio Batuen Erakundeak. Egun batzuk lehenago, palestinar preso ohi batzuek zituzten Israelgo presondegietan pairaturiko "sexu indarkeria" kasuak entzunarazi Genevako NBEren egoitzan. "Orokorturiko politikatzat" jo zituen, funtsean, Sahar Francis abokatu palestinarrak ere, "sexu gehiegikerien" gauzapen sistematikoa salaturik.

Errealitate horri buruzko ikerketa bideratu eta Israelen presondegietan torturaturiko palestinarren lekukotasunak plazaratu ditu The Independent komunikabideak martxoaren 29 honetan. Horrela hasten da erreportajea: "Israel hegoaldeko base militar bateko ziega batean lotuta eta kurubilkatuta, bost soldaduk inguratuta aurkitu da palestinarra. Txakurrekin armatuta, ostikoak eta ukabilkadak eman omen zizkioten, hankekin zapalduta lurrean zegoen gizona. Jotzen jarraiki eta taser pistolekin eta objektu zorrotzekin eraso egin zioten, tresna horiekin sexu abusuak bideratuta. Une batean, soldaduek hain gogor sastatu omen zuten, ipurmasailak eta uzkia zulatu zizkiotela. Eraso bortitz horren ondorioz, gizona ospitaleratu zuten, birika zulatuta, saihetsak pitzatuta eta ondestea urratuta, estoma bat behar zuela. Ez zioten inolako deliturik leporatu".

Gisa horretako torturen berri irakurri daiteke The Independent-ek plazaraturiko idatzian. Eraso bortitzak, nahitara inposaturiko lo faltak, sexu indarkeriak eta mediku arreta jasotzeko eskubidearen urraketak, anitzak dira Israelgo presondegietan bideraturiko basakeriak. Tortura gehienak bi atxilotze zentrori dagozkie, Zisjordania okupatuko Ofer espetxearen barruko instalazio militar berriari eta Israel hegoaldeko Sde Teiman base militarrari. Modu anonimoan hitz egin duen Sde Teimaneko zaindari baten lekukotasuna ere bildu du komunikabideak eta argiki onartzen ditu palestinarren tortuak. Galdeketa batean bideratu indarkeria gelditzeko oharra eginik, ondokoa erantzun zioten lankideek: "Ixo, zu ezkertiarra, gazatarrak dira, terroristak dira, zer gertatzen zaizu?"

Torturak, hil arte

PHRI Israelgo Giza Eskubideen aldeko Medikuak egiturako Naji Abbasen arabera, 70 preso palestinar hil dira 2023ko urriaren 7az geroztik Israelgo presondegietan. Baina ez da fenomeno berria, dioenaz, 1967az geroztik 200 inguru palestinarrek dutelako bizia galdu Israelen ziegetan.

Atxilotuta zegoela hil zen gizon bati buruzko autopsia txosten batek agerian uzten du, demagun, garun-hemorragia gertatu izana eta horren oinarrian diren "eraso bortitzak" eta "euste-bideen gehiegizko erabilerak". The Independent-ek ohartarazten duenari segi, hildakoen senideek autopsia bideratzeko mediku independente bat ukan dezakete, baina kasu anitzetan ez da horrelakorik bideratzen, eta israeldarren esku gelditzen da heriotzaren kausak argitzeko bidea.

Adnan al-Bursh kirurgilari palestinarraren kasua ere aipatzen da kazetaritza ikerketan, iazko apirilaren 19an presondegian hilda atzemandakoarena.

Adnan al-Bursh kirurgilari palestinarra, Israelgo presondegi batean preso harturik zutela hil zen.

Yasmine alargunak dioenez, bere senarrari buruzko informazioa biltzen aritu da, besteak beste, askaturiko presoekin hitz eginda: "Atxilotu aitzin 90 kilo pisatzen zuen, baina, itxuraz, bere pisua nabarmen jaitsi zen, 55 kilo inguru izateraino". Biziki janari guti jasotzen zuen, bizirauteko adina bakarrik. Eskuburdinak jarrita egon behar zuen, kokoriko jarrita, burua belaunen gainean zuela. Adnan al-Bursh zenaren gisara, 2023ko urriaren 7az geroztik 250 osasun-langile dituzte atxilotu Gazan, eta horietarik 180 bat dira oraindik preso Israelen presondegietan. Gaur egun, orotara 9.500 preso palestinar inguru kontatzen ditu beraien eskubideen defentsan dabilen Addameer elkarteak.