argia.eus
INPRIMATU
Israelgo poliziak gazte palestinar bat hil ostean, tentsioak gora egin du Zisjordanian
  • Israelgo poliziak bortizki erantzun du orain bi aste poliziaren eskuetan hil zen gazte palestinarraren hilketa salatzeko azaroaren 8an egindako manifestazioaren aurka.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2014ko azaroaren 10
Tentsio uneak Zisjordanian. (Argazkia: http://www.taringa.net)

Milaka pertsona batu dira Kafr Kanna herrian Khair al-Din Hamdan 22 urteko gazte palestinarraren hilketa salatzeko. Tentsio uneak egon dira eta hiru pertsona atxilotu dituzte.

Rauf Hamdan gaztearen aitak egindako adierazpenak jaso ditu Pia komunikabideak eta bertan dio, bere semea “arabiarra” izate hutsagatik erail dutela eta ez dutela poliziaren “jokabidea” barkatuko.

Bertsio ofiziala kolokan

Poliziak igorritako komunikatuak dio Hamdanek labana batekin eraso ziola agente bati eta horregatik erail zutela. Yedioth Aharonoth Israelgo egunkariak berriz, segurtasun kamera batek hartutako irudiak argitaratu ditu. Bertan ikusten da gaztea tiroz hil zutela, hark ihes egiten zuen bitartean.

Grabazioan ikus daiteke nola gaztea polizia autora hurbildu eta leihora joten hasten den labana bat eskuetan duela. Baina, poliziak autotik irteten diren unean gazte palestinarrak ihes egiten du.

Hamdan larri zaurituta eraman zuten ospitalera ostiralean eta larunbat goizean hil zen.