argia.eus
INPRIMATU
Israelgo parlamentuak onartu duen legeak “juduen supremazismoa” bultzatzen duela salatu dute arabiar parlamentariek
  • Israelgo parlamentuak onartu duen legearen arabera arabierak hizkuntza ofiziala izateari utziko dio eta Palestinako lurralde okupatuetan asentamenduak eraikitzea “estatuaren intereserako helburu” bilakatu dute.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko uztailaren 19a
Ahmed Tibi palestinar parlamentaria parlamentuan (Argazkia: palestinalibre.org)

62 diputatuen babesarekin eta 55 diputaturen aurkako botoekin atera du legea aurrera Israelgo parlamentuak. Lege berri horrek Jerusalem osoa hartzen du hiriburutzat eta Israeli “estatu nazio judu” izaera ematen dio.

Israelgo biztanleen %20 arabiarrak dira eta gaur egungo legeak eskubide berak dituztela dio, errealitatean betetzen ez den arren. Ahmed Tibi arabiar parlamentariak gogor kritikatu du legearen onarpena eta “demokraziaren heriotza” izango dela gaineratu du.

Lehen ministro Benjamin Netanyahuk aldiz txalotu egin du parlamentuak hartutako erabakia eta gehitu du israeldarrek soilik dutela “autodeterminazio eskubidea”.

Ez dituzte legeak zituen puntu guztiak onartu. Hasiera batean, esaterako, soilik juduez osatutako komunitateak sortzeko eskubidea proposatzen zen eta hori atzera bota dute.