argia.eus
INPRIMATU
Israelgo Maccabi saskibaloi taldearen Gasteizko partida bertan behera uztea exijitu dute
  • Otsailaren 7an, Maccabi Tel Aviv taldeak Baskoniaren aurkako partida jokatzeko asmoa du Gasteizen. Palestinarekin Elkartasuna Plataformak salatu du Israelek kultur eta kirol ekimenak palestinarren aurkako krimenak estaltzeko erabiltzen dituela. Aurpegi zuriketaren aurka, mobilizatzera dei egin dute.

Leire Ibar 2025eko urtarrilaren 08a
Mobilizazioa antolatu dute otsailaren 7an Gasteizen. Palestinarekin Elkartasuna Plataforma

Maccabi Tel Aviv taldea Israelen kirol ordezkari nagusia dela kritikatu du Palestinarekin Elkartasunak, eta urteak daramatzala estatu kolonialistaren irudia hobetzeko estrategiaren parte izaten. Taldeko jokalariek eta zuzendaritzako kideek Israelgo armadaren aldeko kanpainetan parte hartu izana salatu dute, eta Gasteizko partida ez jokatzea eskatu dute.

Israelek politika genozidak estaltzeko, kirol eta kultur ekimenak propaganda tresna moduan erabiltzen dituela nabarmendu du Palestinarekin Elkartasuna Plataformak. Horrela, Israel “entitate kolonial” bat dela ezkutatu, eta “estatu moderno” bat balitz bezala irudikatzen dutelako. 

2005ean Hasbara izeneko plan bat martxan jarri zuela gogorarazi du plataformak, zeinaren helburua Israelen irudia hobetzea eta kolonizazioarekin lotura saihestea den. Mugimenduak nabarmendu du Maccabi Tel Aviv taldeak urteak daramatzala estrategia horren parte izaten.

Euskal Herrian, Israelen presentzia normalizatzen duten ekimen ugari izan direla ohartarazi du Plataformak. Hala nola Noa abeslariaren Bilboko kontzertua, Israel Premier Tech txirrindularitza taldearen parte-hartzea hainbat lasterketetan, eta orain, Maccabi Tel Aviv saskibaloi taldearen bisita. 

Israelekin harremanak normalizatzeak “proiektu sionista gauzatzeko legitimitatea” ematen duela adierazi dute. Hori dela eta, harremanak “erabat etetea” eskatu du Palestinarekin Elkartasunak, baita kirol arloan ere.

Otsailaren 7ko partida jokatzearen aurka mobilizatzera dei egiten dute,  Palestinarekiko elkartasuna erakusteko eta Maccabiren partida bertan behera gelditzea exijitzeko. “Ezin dugu onartu genozidioa normalizatzen duen ekimenik”, azpimarratu du Palestinarekin Elkartasuna Plataformak.