argia.eus
INPRIMATU
Israelgo lau soldaduri gerra krimenak leporatu dizkiete Belgika eta Herbehereetako epaitegietan
  • Nazioarteko erakundeen geldotasuna eta ezintasuna ikusita, sortu berri den Martxoaren 30eko Mugimenduak Jonathan Ben Hamour soldadu israeldar-belgikarraren aurkako salaketa jarri zuen lehen urrats batean, eta orain beste lau soldaduren eta kolono baten aurka ere jo du.

ARGIA @argia 2024ko urtarrilaren 05
Jonathan Ben Hamour soldadua, Gazan zauritua izan aurretik. Almayadeen / Instagram

Ronny Katz, Raouf Leeraar, Jisjai Bloemendaal eta Abel Yanai Bolink soldadu israeldar-holandarren aurkako ekimena hartu du orain Martxoaren 30eko Mugimenduak. Talde horretako Dyab Abou Jahjah libandar-belgikarrak adierazi duenez, herrialde zehatzetan bideratzen ari diren ekimen judizial horien bidez amaiera jarri nahi diote nazioarte mailan Israelgo Armadak duen zigorgabetasunari.

Salaketa horiekin Palestinako herriaren aurkako genozidio ekintzetan eta beste hainbat krimen larrietan parte hartu izana leporatzen diete soldadu horiei. Abou Jahjah-en esanetan, Akiva van Koningsveld kolono israeldar-holandarraren aurkako salaketa ere jarri dute. Amnesty Internationalek txosten zabala du kolono horri buruz eta bertan frogatzen da Zisjordaniako hainbat jarduera kriminaletan aritu dela, esaterako, lur eta ondasunen lapurreta, mehatxuak edota Holandako Arma eta Munizio Legearen urraketa.

Martxoaren 30eko Mugimendua Belgikan eta Herbehereetan ari da lanean oraingoz, eta Abou Jahjah-ak dioenez, beste salaketa batzuk ere aztertzen ari dira, baita legezko bide berriak ere, Palestinako herriaren aurkako krimenak egiten dituztenak justiziaren aurrera eramateko.